Euskara eta aisialdiko dirulaguntzen oinarriak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 13a, 12:04

Euskara ikasten aritu edota aisialdiko begirale edota zuzendari izateko prestakuntza saioak jaso dituztenei zuzendurikoak dira udal diru laguntza deialdiok.

Adi euskara ikasten aritu edota aisialdiko begirale edo zuzendari izateko ikastaroak egiten aritu zaretenok. Urtero moduan, Usurbilgo Udalaren dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkezteko aukera izango duzue. Aurtengoan, ekainaren 27tik uztailaren 8ra, bi asteko tartean beraz. Hala jakinarazi du Udalak berak, astelehen honetako, ekainaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Dirulaguntza deialdion oinarriak kaleratu ditu Udalak.

Euskara ikasi dutenentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2021-2022 ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak emateko".
Onuradunak: Usurbilen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako euskara ikasleak. 
Dirulaguntza jasotzeko baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaro osoan gutxienez %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).               
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea, euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.
Diruz lagunduko diren ikastaroak:
-2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31 artekoak.
-Ikastaro motak: HABEk homologaturikoak eta ez homologatuak.
Emango den dirulaguntza kopurua: matrikula kostuaren %100a (600 euroko muga), baldintzak betetzen dituztenen kasuan.
Eskariak: udal erregistroan edo usurbil.eus atarian, ekainaren 27tik uztailaren 8ra.
Informazio gehiago: ekainaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2021-2022 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duen usurbildar orori dirulaguntzak emateko".
Onuradunak: 2021-2022 ikasturtean aisialdiko begirale edo aisialdiko zuzendari ikastaroak egin dituzten 16 urtez gorako usurbildarrak. 
Dirulaguntza jasotzeko baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea (araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza).
Diruz lagunduko diren ikastaroak:
-2021eko uztailetik 2022ko ekainera egindako aisialdiko begirale edo zuzendari izateko ikastaroak.
Emango den dirulaguntza kopurua:
-Begirale ikastaroa: matrikularen % 50 (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen % 50 (gehienez ere 250 €).
Eskariak: udal erregistroan edo usurbil.eus atarian, ekainaren 27tik uztailaren 8ra (titulua 2024ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da).
Informazio gehiago: ekainaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala