Euskal Herriko pentsiodunen 1. Bizikleta Martxa bidean, herria zeharkatu du goizean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 13a, 13:39

Pentsio duinen aldeko lehen bizikleta martxak udalerri osoa zeharkatu du goizean, Donostian hasi eta Azpeitian amaituko duten lehen etaparen baitan.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak estreinakoz antolatu duen 1. Bizikleta Martxak Usurbil zeharkatu du astelehen goiz honetan. Pentsio duinen aldeko ekimeneko partaideak Donostian abiatu dute lehen etapa eta Lasartetik barrena heldu dira Zubietako hipodromoko zubiraino. Zubieta eta Santuenea zeharkatuta, Kaxkora, Kale Nagusira heldu dira. Eta handik N-634 errepidetik Aginaga igaro dute gero. Azpeitian amaituko dute ia bi astez luzatuko den martxa honen lehen etapa. 

1.080 euroko gutxieneko pentsioa
Hamahiru egun pedalkadaz pedalkada "pentsio publiko duinak eta nahikoak eskatzen jarraitzeko". Urteotan bideratu dituen mobilizazioen eskaintzara ekimen berri hau erantsi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ekainaren 13tik 25era, eskualde guztiak zeharkatu asmo dituen 1. Bizikleta Martxa alegia. Bertan "1080 euroko Gutxieneko Pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuaren lana nabarmendu nahi ditugu". Ildo berean, "Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatzen diegu 2023ko aurrekontuetan 1080 euroko osagarria sartzeko, estatuko gobernuak gutxieneko pentsio hori erabakitzen duen bitartean".

52 hilabeteko borrokak erakutsi die antolatzaileei, "gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela". Horregatik, "herritar guztiei dei egiten diegu Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan". Bai bizikleta martxan zehar, baita martxaren amaierako manifestazioan ere. Abiapuntuaren leku berean, Donostian egingo dute, ekainaren 25ean, eguerdiko 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuta.

13 etapak
-Ekainak 13, 1. etapa: Donostia-Azpeitia (Usurbildik igaroko da).
-Ekainak 14, 2. etapa: Azpeitia-Ondarru.
-Ekainak 15, 3. etapa: Ondarru-Amorebieta-Etxano.
-Ekainak 16, 4. etapa: Amorebieta-Etxano-Plentzia.
-Ekainak 17, 5. etapa: Plentzia-Bilbo.
-Ekainak 18, 6. etapa: Bilbo-Amurrio.
-Ekainak 19, 7. etapa: Amurrio-Gasteiz.
-Ekainak 20, 8. etapa: Gasteiz-Altsasu.
-Ekainak 21, 9. etapa: Altsasu-Iruñea.
-Ekainak 22, 10. etapa: Iruñea-Bera.
-Ekainak 23, 11. etapa: Bera-Baiona.
-Ekainak 24, 12. etapa: Baiona-Irun.
-Ekainak 25, 13. etapa: Irun-Donostia. 12:00etan manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.