Energia berriztagarrien komunitatea eraikitzen segitzeko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 08:32

Hernaniko esperientzia eta Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatearen helburuak finkatzea. Hizpideon bueltan antolatu dute astearte honetarako, ekainak 14, arratsaldeko 18:00etan Sutegin, aipatu komunitatea osatzeko datorren bilera. Gogoan izan, prozesu honetako partaide izateko izena eman edo informazio gehiago, bideotatik jaso dezakezuela:
udal-erregistroan
info@ebkusurbil.eus
usurbil.eus/eu/energia

Beste hainbat udalerrietan jorratzen ari diren bideari jarraituz, Usurbilen ere Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko gonbita plazaratu zuten Usurbilgo Udalak eta Goiener Kooperatibak, egitasmo honi buruz maiatzaren 3an Sutegin egin zuten aurkezpen ekitaldian. Modu honetan, urtebete inguruko prozesuari ekin zioten. Hilabeteotan egitasmo honetako partaide izango diren norbanako nahiz eragileek Goiener izango dute bidelagun. Eta amaieran erabakiko da Energia Berriztagarrien Komunitatea osatu edo ez. 

Talde sustatzailearen eraketa
Ahalik eta parte hartze anitzena bultzatu nahi dute. Usurbilek alor honetan izan ditzakeen gabeziak identifikatzen eta epe ertain nahiz luzerako proiektuak definitzen joan. Momentuz halere, talde sustatzaile bat osatu nahi dute eta gerora hiru azpitalde: arlo juridikoa eta administratiboa landuko duen bilgune bat, proiektuei lotutako bigarren bat eta komunikazio zein dinamizazioari begirako beste bat. Dagoeneko hainbat herritarrek bat egin dute abian den prozesu honekin.