Kantu afaria ostiralean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 09:29

Ekainaren 17an kantu afari baten bueltan agurtuko du ezohiko ikasturte hau Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Plazarako itzuleraz, bi urteotako etenaldiaz mintzatu da NOAUA!rekin, aipatu bilguneko kide Mikel Usabiaga.

Ikasturtea afari baten bueltan abestuz borobildu asmo du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Ekainaren 17an, 20:30etan hasita Patri jatetxean. Honako menua dastatu ahalko da: urdaiazpiko-kroketak; entsalada, gazta urdina eta intxaurrekin; etxean egindako bakailao bricka; entrekota piper gorri eta patata frijituekin; laranja-budina txokolate bero eta izozkiarekin; kafea/infusioa; urteko ardoa/sagardoa. Afaritarako izena bide honetatik eman daiteke: 688 69 03 61 (Iban). Kontuan hartzeko pare bat ohar: kide kopuru mugatua izango du otorduak. Bestalde, kantu-liburuxka eraman. Afarian bertan edota aurrez, NOAUA! K.E.-ren egoitzan eskuratu ahalko da. Hitzordu honekin borobilduko du ikasturtea Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. 

Bi urteotan abestu ezinik, nolakoa izan da itzulera?
Aurreko urtean izan genuen elkartze labur bat. Hiruzpalau aldiz bildu ginen. Baina pandemia berriz gogortzen hasi eta jendearen arrazoizko beldurrarekin atzera egin genuen. Poliki hasi gara berriz, konfiantza hartzen. Itzulerarekin pozik eta kantatzeko gogoz.

Beharra bazen.
Kolektibotasun horren beharra. Herria kolektibitateetan banatua egoteak badu bere garrantzia. Egun dugun indibidualismo itxi honen aurrean, estimatzekoa da jendea batzea eta elkarrekin ekintza bat egitea. Bestetik, herriaren aurrean ekarpen txiki bat egitea, bai euskararen eta kantu aldetik. Giroa sortzetik aparte, gogoratuz. Zenbat urte da ba, Antonio Pello, Mateo, Mikel Ezkerra... baxoerdi baten bueltan kantuak kontatuz, kantatu egiten zutela. Hitza bukatzen zitzaienean kantuan hasten ziren. Horren grabazioak baditugu. Horren berreskurapen bat egin beharko genukeela iruditzen zait.

Helburua kantuzaletasun hori bizitzea da ezta?
Ez hori bakarrik. Baita ere badu hizkuntzarekiko lotura bat. Kantuaren bidez euskaldunon historia errepasa daiteke bere letren bidez. Garrantzitsua da transmisio hori egitea. Aldarrikatu nahi dugu oso modan jartzen ari den kilometro zeroko elikagaiak, kilometro zeroko hizkuntzan izan daitezela eta gure tabernek kilometro zeroko janariak ez ezik kilometro zeroko kantuak ere jar ditzatela.

Behartutako etenaldia bizi izan duzue. Abestea debekatua egon da.
Kantatzea debekatua egoteaz gain, gerora ere pixka bat neurriak lasaitu zirenean musukoa jantzita kantatu behar zen. Kantuak asko galtzen du musukoa jantzita, ez baita ikusten bestearen adierazpena. Gozagarria da bestea nola ari den kantatzen ikustea.

Astelehenero biltzen zarete Agerialden.
Kantu berriak ikasiz eta egileak ezagutuz ere bai. Oraindik adibidez, Anje Duhalde ez dugu aztertu. Egin ditugu monografikoak Artzeri, Mikel Laboari, Imanol Urbietari edota Xabier Leteri buruzkoak. Oraindik hainbat autore ditugu bakarka bere kantuak eta kantu bizitza aztertzeko.

Denetarik abesten entzun zaituztegu urteotan.
Liburuxkan 300 kantu jartzerakoan, sartu izan ditugu haur kantak, maitasun eta heriotza kantak, gerrari eta jaiei buruzkoak. Umorea, espetxea edo tradizioko kantuak. Guk jendea geure kantuak, euskal kantuak abestea nahi dugu eta hori bizitzea. Letren eta kantuen bidez hainbat gauza ikas ditzakegu.

Nabarmena da urteotan plazan jorratu duzuen ibilbidea. Taldeak ze indarra hartu duen.
Ikusten da garbi, ohitura hau pixka bat landuta, jendea beldurrik gabe ari da kantatzen. Hasiera batean ikusten gintuzten gure taldean zeharbegiratuekin eta orduan ahotsa ere jaitsi egiten zen. Orain beste askatsun batekin kantatzen du jendeak eta hori lorpen handia izan da.

Ahalduntze bat eman da ezta?
Ahots bakarrean hasita, bada bigarren ahotsa egitera ohitu direnak. Kantatzearen ohiturak dakarren ondorio on bat. Humanizantea da. Sigla, iritzien gainetik gaude. Elkartzen gaituena kantua da. Herrian dauden hainbat ohitura zahar eta ekimenetan parte hartzen dugu.

Duela hamahiru urtetik.
2009an, atez atekoarekin batera jaio ginen. Jende asko dago hasiko litzatekeena baina ez dena ausartzen. Jendeak burutik kendu dezala kantatzeko balio ez duen iritzi hori. Kantatzeko edonork balio dugu eta gu talde gisa hor sartzen gara. Edonori gaude irekita, gure taldean sartu eta gozatu kantuan gurekin batera.