2. Uxue Trail mendi lasterketan izen emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 11:39

Ostegunean, ekainaren 16an itxiko dute larunbatean ospatuko den 2. Uxue Trail Mendi Lasterketan izen emateko epea.

Osteguna, ekainak 16, gaueko 22:00ak arte. Egun eta ordu horretan itxiko du 2. Uxue Trail Mendi Lasterketaren antolakuntzak, larunbatean, hilaren 18an ospatuko den elkartasun ekimenean izen emateko epea. Bi egun baino ez beraz, parte hartu asmo dutenentzat inskripzioak bideratzeko. Gogoan izan, Andatza zeharkatuko duten lau lasterketa modalitate iragarri dituzte: 20 kilometroko Uxue Trail Luzea, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motza, 7,5 kilometroko Ipar Martxa eta 5,5 kilometroko Uxue Paseoa izenekoa.

Lasterketa amaierarako, opariak zozketatuko dituztela iragarri du antolakuntzak. Ekimenean zuzenean parte hartu gabe ere, dortsal solidarioa erosi ahalko da. Izena kronoak.com atarian eman ahalko da. Lasterketa amaieran, opariak zozketatuko dituzte partehartzaileen artean.

500 lagunentzako lekua izango du mendi lasterketak. Ekaina hasierarako jada 200etik gora partaideek izena emana zuten.

Sentsibilizazioa eta laguntza bilketa
Azken bi urteotako osasun krisialdia tarteko, 2019az geroztik berriz ospatu ezin izan den hitzordu honekin, Uxue Martin Usurbilgo gazteak duen gaixotasun arraroa ezagutzera eman, sentsibilizazio lana sustatu eta laguntza bildu nahi dute. Phelan-McDermid izena du Uxuek duen sindromeak; "22q13 kromosomaren gabetzea da", mendi lasterketaren antolatzaileen esanetan. Aipatu kromosomaren izena duen helbidean jaso dezakezue informazio gehiago, 22q13.org.es atarian.