Bi aste baino ez, 2019tik ospatu ezin izan diren Usurbilgo jaietan murgiltzeko. Eguna gerturatu ahala, festei buruzko xehetasun gehiago ezagutzen goaz. Egitaraua laster ikusiko dugu, datorren astean etxez etxe banatzekoa da Usurbilgo Udala. Bertan zehaztuko dira, ekainaren 29tik uztailaren 3ra zer nolako hitzorduen eskaintza izango dugun. Deialdi ezberdinak tarteko, azken egunotan zenbait ekitaldi noiz izango diren jakitera eman da; esaterako, zikiro-jana uztailaren 2an ospatuko da, 14:00etan Askatasuna plazan. Ordu berean baina biharamunean, jubilatuen bazkaria, uztailaren 3an Atxega jauregian.
Egitarauak zehaztuko digu zer, noiz, non izango dugun. Diseinua badu jada. Gogoan izan, Jai Batzordeak maiatzaren 25era arteko epea finkatua zuen lanok jasotzeko. Sei sortze lan aurkeztu dira deialdira, antolakuntzak berri eman duenez. Bakarra hautatu zitekeen ordea eta Aritz Aranburu aginagarrarenak irabazi du txapelketa. "Aurkeztutako lan guztien artean, diseinu irizpideak ondoen betetzen dituena izan da Aranbururena". Aipatu moduan, bere diseinu lana astebete barru ezagutuko dugu, egitaraua etxez etxe banatzen dutenean hain zuzen.
Bertan iragarriko da, jaiak noiz hasiko diren; gogoan izan, ekainaren 29an, ofizialki arratsaldeko 19:00etan udaletxeko balkoitik jaurtiko duten suziriarekin. Festei hasiera urtero, herriko talde, eragile edota norbanakoek ekiten diete. Azken urteotan, txupinazoa nork jaurti herriak erabakitzen du. Jai Batzordeak, gune ezberdinetan jarritako kaxetan proposatu daitezke hautagaiak. Aurten ere hala egin du Jai Batzordeak. Ekainaren 6ra arte udaletxean, Potxoenean, Sutegin eta Oiardo Kiroldegian egokitutako kaxa hauetan guztira 36 lagunek bozka eman eta 16 proposamen ezberdin egin dituzte. Egitarau diseinu lehiaketaren kasuan bezala, bakarra hautatu behar eta "egiten duten “ekarpen isil eta txit baliotsua” tarteko, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak ekingo die Santixabelei, "boluntarioki egiten duten ekarpen sozialari balioa emanez".