Tenperatura altu iraunkorragatik, abisu horian egunotan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 15a, 07:08

32 graduko tenperatura izatera hel gaitezke ostegunean eta 39 gradurainokoa ostiralean. Abisu horian izango gara hurrengo bi egunotan.

Aipatu beharrik ez da; giro beroa dugu, oraindik ofizialki udan sartu ez garen arren. Ildo beretik segiko omen du egunotan. Are bero handiagoa izango omen dugu Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Ostegunean eta ostiralean, ekainaren 16an eta 17an abisu horian egongo gara egun osoz "tenperatura altu iraunkorragatik". 

Usurbilen, asteazken honetan, 26 gradu ingururaino igo daiteke tenperatura arratsalde partean. Ostegunean 32 gradurainoko tenperatura bazkalostean eta ostiralean, 39 graduko tenperatura izatera hel gaitezke udalerri honetan. Giro honekin beraz, gaur, ekainak 15, "eguzkitsu egongo da, behe-hodeien tarteren batekin. Goizean goiz hego-haizea ibiliko da; gainerako orduetan iparraldetik joko du eta arratsaldean indartu egingo da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Bihar, osteguna, "hodeiak eta ostarteak. Goizean ekialdeko haizea ibiliko da, arratsaldean mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nabarmen igoko dira". Eta etzi, ekainaren 17an, "zerua hodeitsu egongo da orokorrean. Arratsalde-gau partean ekaitzak jo lezake. Brisa ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus