"Urak aske..." dokumentala proiektatuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 16a, 08:15

Artikutzako urtegiari buruzko hustuketa hizpide duen Elhuyarren eta Pixelen ikus-entzunezkoaren proiekzioa, ostegun honetan Sutegin.

"Urak aske presak kendu, ibaiak berreskuratu" dokumentalaren proiekzioa antolatu du Anerreka ingurumen elkarteak gaur 18:30etan Sutegiko auditorioan. Ordubete pasatxoko emanaldian, Artikutzako urtegiari buruzko hustuketa izango du hizpide. "Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago”.

Bego Zubia Gallastegik zuzendu eta Elhuyarrek eta Pixelek zuzenduriko ikus-entzunezkoaren ostegun honetako emanaldiak nabarmenduko duenez, “ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute”.

"Urak aske presak kendu, ibaiak berreskuratu"
Eguna:
ekainak 16, osteguna.
Ordua:
18:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago.

Normandian, aldi berean, Vezins-eko presa handia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Sélune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien —edo handien— araberakoa izango da etorkizun hori".

Zuzendaria: Bego Zubia Gallastegi.
Ekoizleak: Elhuyar eta Pixel.
Iraupena: 74 minutu.
Sarrera: doan.
Informazio gehiago: urakaske.eus
Antolatzailea: Anerreka ingurumen elkartea.