35-38 gradurainoko tenperatura

Beroaldia astebururaino luzatuko da

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 16a, 08:09

Tenperatura maximoa goia jo ezinik ibiliko da datozen egunotan. 33 gradu izan ditzakegu ostegun honetan, 36 bihar eta 38 larunbatean. Abisu horian gara tenperatura altu iraunkorragatik.

Beroaldi betean gara. 27 graduraino igo zen tenperatura asteazkenean. Ostegun honetan are gehiago, 33 gradu izan ditzakegu arratsalde partean. Eta goranzko bidean segiko du hurrengo egunotan. Biharko, ekainak 17, eguzkiak gogorren joko duen arratsalde partean, 36 gradu izan ditzakegu, larunbatean 38, igandean 35. Eta datorren aste hasieran zertxobait jaitsi daiteke tenperatura, 26-28 graduraino, baina asteazkenerako 31 gradu espero dira berriz.

Gauez ere hotzik ez dugu izango. 20 gradu inguru izan ditugu bart gauean. Ostegun gau honetarako ere 22 gradu inguruko tenperatura izatea espero dugu. Eta adi, iragarpena betetzen bada, ostiraletik larunbaterako goizaldean 33 gradurainoko tenperatura izan dezakegu. Egunak soilik ez, gauak ere bero joango zaizkigu beraz.

Testuinguru honetan, abisu horian gara Usurbilen tenperatura altu iraunkorragatik. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, ostegun honetan, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu. "Ekialdeko haizea ibiliko da, gauean mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoak nabarmen igoko dira". Ostiralean, "zerua hodei gutxirekin egongo da orokorrean. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak agertuko dira eta ekaitzak jo lezake. Brisa ibiliko da; gauean haizea mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura igoko da".

Eta larunbatean, "goizean eta arratsaldearen hasieran eguzkitsu egongo da. Gainerako orduetan bero-hodeiak ugaritu egingo dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Goizean hego haizea ibiliko da, arratsaldearen hasieran mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus

TENPERATURA MAXIMOAK

  Egunez Gauez
Ekainak 16, osteguna 33º 24º
Ekainak 17, ostirala 36º 33º
Ekainak 18, larunbata 38º  
Ekainak 19, igandea 35º