Euskaraldia

Usurbil ere Euskaraldirantz

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 16a, 12:02

Euskaraldia girotzen hasiak dira Usurbilen. Zabalik da azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko den hirugarren ediziorako izen ematea entitateentzat.

Euskaraldiko prestaketen hasiera Usurbilera ere heldu da. Maiatza amaieran egin zuten batzordea eratzeko lehen bilkura Potxoenean. Bestalde, irailaren 28an zabalduko dute norbanakoentzat, Ahobizi zein Belarriprest moduan urte amaieran egingo den ekimenaren hirugarren ediziorako izena emateko epea; entitateentzat ordea irekia dago jada euskaraldia.eus atarian. Tartean Usurbilgoentzat. Albiste honi atxikia duzuen talde argazkian besteak beste, 3. Euskaraldian parte hartzeko prest diren hainbat entitate; Udarregi Ikastola, Zumarte Musika Eskola, NOAUA! Kultur Elkartea, Usurbilgo Udala, Ta Puntu, Etumeta AEK euskaltegia, Kabiene elkarlan gunea, Elhuyar, Ziortza Gazte Elkartea, Usurbil Kirol Elkartea, Saizar sagardotegia... 

Entitate hauetan guztietan nahiz hurrengo aste zein hilabeteetan izena emango dutenek, ariguneak sortu beharko dituzte, alegia, euskaraz lasai aritzeko guneak. Horixe baita, Euskaraldiaren helburua; hizkuntza ohituretan eragitea, euskararen erabilera sustatzea.

Estreinaldiko ilusiotik osasun krisialdiko bigarren ediziora
2018an egin zen estreinako aldiz. Orduko hartan norbanakoen arteko ariketa izan zen; 1.333 usurbildarrek eman zuten izena, 1.110 Ahobizik eta 223 Belarriprestek. Ilusioa piztu eta sentsazio orokor oso ona, aho zapore gozoa utzi zuen lehen edizio hark. Erabileran eta hizkuntza portaeretan eragina izan zuela baloratu zuten, eta emaitzok eskutan, eremu gehiagotara heltzeko nahia agertu zuten.

2020an, osasun krisialdi betean ginela, nabarmen murriztu zen parte hartzea, ziurgabetasuna erabatekoa izan, biltzeko eta harremantzeko aukerak, bilguneak gutxitu ziren garaia. Orduko hartan, Euskaraldiko batzordetik oroitarazi dutenez, 949 lagunek eman zuten izena, 826 Ahobizik eta 123 Belarriprestek. Bigarren edizio hartan, estreinakoz entitateek ere parte hartu ahal izan zuten, ariguneen bidez. Usurbilen 34 izan ziren. 

Ohitura aldaketak betikotzeko
Aurtengoan ere norbanakoen nahiz entitateen (enpresak, erakundeak, eragileak, denetariko eragile edota taldeak...) izen ematea sustatuko du Usurbilen Euskaraldia bideratzen ari den batzordeak. Baina batez ere, eta hauxe da hain zuzen luzatu eta nabarmendu nahi duten mezua, ariketari eman nahi diote zentraltasuna. Norbanako nahiz entitate gisa parte hartzen ari direnek benetan ariketa egitea da sustatu nahi dutena, izen ematearen bidez Euskaldiarekiko atxikimendua agertzeaz gain. Laburbilduz, euskara ahotan gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hartzea, hizkuntza ohiturak aldatzea baina ez soilik, Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Hamabostaldi horretatik haratago, ohitura aldaketok luzatu eta betikotzea da erronka.