Joan Mari Torrealdai Beka

"Haria eten ez dadin"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 09:20

Bi urte beteko dira uztailaren 31n Joan Mari Torrealdai zendu zenetik eta “bere bizitza osoan aritu den horretan sakondu asmoz”, “euskalgintzan eta  kulturgintzan, arlo akademikoan, ikerkuntzan eta arlo sozialean” alegia, Usurbilgo herrikidearen izen abizenak dituen beka deialdia sortu dute Usurbilgo Udalak eta 2017az geroztik Jakin Jardunaldia antolatzen bidelagun duen Jakin fundazioak. “Torrealdaik ondo merezia du beka honen antolakuntza”, Jakin-en zuzendari Lorea Agirreren esanetan. 

“Kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko xedea du, Torrealdaik berak jorratu izan dituen esparru guztietan”, iragan asteko aurkezpenean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez. Ikerlaria ere bazenez Torrealdai, berak egiten zuen moduan, “ikertzea beti zentzu batekin, praktikara, herrira eta etorkizunera begira”. Agirreren esanetan hain zuzen, “horrelaxe nahi du izan beka honek, ikerketa bultzatu baina baita ere ikerketa horren herriratzea, sozializatzea eta transmisioa, beti katea ez dadin eten”. 

Ikerketa beka hau Jakin-ek eta Udalak sinaturiko lankidetza hitzarmenetik dator. “Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaiotzen da egitasmo hau”, alkatearen esanetan. “Ikerketan,  herrigintzan, dibulgazioan eta batez ere etorkizunari begira”. Eta Torrealdairen hitzak ekarri zituen gogora Solaberrietak. “Izatea ekitea da eta egiten duguna bagara, garaiko egoera aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu behar ditugu”. Bekak horretarako bitartekoa izatea nahi dute.

Torrealdairen senideak batu zituen aurkezpenak. Haien izenean Joan Mariren seme Manexek hartu zuen hitza eskerrak emateko. “Oso pozik gaude, seguru gaude Joan Mari bera ere asko poztuko zela, azken batean bere bizi osoan egindako lanari segida emateko modua baita hau”, bere izena eta lana oroitzeko modurik onena, senideen esanetan.

Etorkizuneko irakaspenen bila
Euskalgintzaren izaera, zergatik eta zertarako euskaldun izan, euskara batuaren estatusa eta sozializazioaren beharra, liburugintzaren ikerketa, euskararen zentsuraren gaineko ikerketa eta euskarazko komunikabideak. Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren oinarriak dituzue. Aurtengorako gaia, “euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean”. Galdera nagusi bat abiapuntu duela: “nola heldu behar dio kulturgintzak biharko egunari?”. Torrealdairen ikerketa gaiak soilik ez, ikerlanotara hurbiltzeko modua ere balioetsi nahi dute, “beti joera berrien ehizan”. 

Horregatik, Jakin-etik adierazi dutenez, euskarazko kulturgintzan dauden eztabaidak, “zer esperientzietatik atera daitekeen etorkizuneko irakaspenak, hori da bilatzen duguna”. 

Lanak banaka edo taldean aurkeztu ahalko dira, urriaren 24a baino lehen jmtbeka@jakin.eus helbidean. Beka deialdiko irabazleak bere ikerlana lantzeko 18 hilabeteko epea izango du eta 14.000 euroko ordainsaria. Informazio gehiago jakin.eus atarian.