Oxtape, Aranerreka, Ugartondo eta Bugatiko bideak albiste

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 10:01

Bide eta errepideak albiste lerrootan. Ekainaren 18ko 2. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa ospatu artean Oxtapeko sarbidea itxiko dute ibilgailuentzat. Ugartondo inguratzen duen bidea astelehenean irekiko dute. Aranerrekako parke eraberritua baimendutako ibilgailuek baino ezingo dute baliatu. Azkenik, Bugatitik Zubieta aldera sartzeko dagoen N-1 errepide gaineko zubian biribilgunea eraikiko dutela berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Xehetasunak lerrootan.

2. Uxue Trail tarteko, Oxtapeko sarbidea itxita
Larunbat honetan, ekainaren 18an ospatuko den 2. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa tarteko, 8:30-13:00 artean Oxtape aldeko sarbidea itxita egongo dela ohartarazi du Usurbilgo Udalak. "San Inazio aldetik sartu ahal izango dute ibilgailuek", baita beraz Usurbil aldera datozen autobusak ere, aipatu ordu tarte horren baitan.

Ugartondoko bidearen irekiera
Eremu hau eraldatze betean da, eraikitzen ari diren etxebizitzak tarteko. Inguratzen duen bidea ere egokitu dute eta hauxe da hain zuzen, datorren astelehenetik, ekainaren 20tik aurrera zabalik izango dena, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Kontuan hartzeko pare bat xehetasun. Batetik, Puntapax aldetik Kalezarrera gora orain arte bezala igo ahalko da Haur Eskola eta Ugarte baserri pareraino eta gero ezkerraldera Pikaola aldera biratu beharko da. Norabide bakarrekoa izango da. Bertatik igo ahalko da baina jaitsi ez. Kalezartik Usurbil aldera jaisterakoan dator aldaketa; aurrerantzean, Ugartondo inguratzen duen bidetik jaitsi beharko gara. Pikaola aldetik behera, Ugartondoko urbanizazio berriaren atzealdetik. "Horrez gain, Ugartondon bizitzen ari diren lehenengo bizilagunek ez dute ate beretik sartu eta irten beharko garajera: errepidea ireki bitartean horrela aritu behar izan dute, behin-behinean. Astelehenetik aurrera, goiko aldetik sartu eta behekotik atera ahal izango dute", ohartarazi du Udalak.

Aranerrekako parke eraberrituko bidea
Oinezkoak lehenetsiko ditu Aranerrekako parke eraberrituak. Ibilgailuentzako itxita egongo da, soilik "baimendutakoek baino ezingo dute pasa", ohartarazi du Usurbilgo Udalak, "Agerreazpiko bidetik". Hala izango dela bermatzeko, "oraingoz, harriak jarri ditugu; errespetatuko ez balira, beste elementuren bat jarriko genuke, irisgarritasuna bermatuz". Itxuraz edertzen doa eremu hau. Elementu berriez hornitzen jarraitzen dute. "Esertzeko hainbat banku, zakurren gorotzak biltzeko zakarrontzia eta gurpildun aulkientzat ere irisgarria den mahaia" kokatu dituzte.

Biribilgunea Bugatin
Orain arte N-1 errepidea gainetik zeharkatzeko zubi batek lotzen zuen Lasarte-Oria eta Zubieta Bugati aldetik. Etorkizunean aipatu errepide gaineko biribilgune batek zeharkatuko du. Hala berri eman du egunotan Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Biribilgune goratu berriak 8.989.292,30 euroko oinarrizko prezioa izango du eta zortzi hilabeteko epea". Lanak udazkenean hasiko dituztela iragarri du Foru Aldundiak. "Inguruko trafikoari irtenbidea emango diote", adierazi dute Foru Aldunditik. Lan hauetan, "egungo gaineko pasabidea eraitsi egingo da, eta gaineko bi pasabide sortuko dira, biribilgunea 45 metroko luzerarekin osatuko dutenak». Gaineratu dutenez, "behin biribilgunea eginda, N-I errepidetik Lasarte-Oriarako noranzkoan dagoen egungo irteera lotune horretara eramango da (gaur egun 800 metro lehenago dago), hiri-bilbetik (Oria etorbidetik) egindako ibilbidea partzialki saihesteko".