Alerta laranjan larunbatean

Abisu horitik alerta laranjara larunbatean, etenik ez duen beroaldian

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 08:27

Egunotako tenperatura altuena ostiral gauetik hasi eta larunbatean zehar izango dugu. Ostegunaz geroztik indarrean den abisu horitik alerta laranjara igaroko gara gauerdian.

Amenabar farmaziak goizeko 9:00ak pasatxoan adierazten zuen termometroa 29 gradukoa zen ostiral honetan. Eta gorantz segiko du datozen orduotan. 30 graduren bueltako tenperatura izan dezakegu Usurbilen ekainaren 17 honetan. Deigarriena ordea gaur gauerako espero dena da; ez baitu ohi bezala freskatuko. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 26 gradu izan ditzakegu gauerdia pasata eta goizaldean 30 graduraino igo liteke tenperatura. Eta egunotako bero gehien larunbaterako, ekainaren 18rako espero da. 38 gradu ere izan ditzakegu larunbat arratsaldean. 

Alerta laranja bikoitza larunbaterako
Ostegunaz geroztik abisu horian gara "tenperatura altu iraunkorragatik". Ostiral honetan ere berdin jarraituko dugu, baina bigarren abisu hori bat ere indarrean izango da; "muturreko tenperatura oso altuena", 13:00-19:00 artean. Eta gauerditik aurrera, alerta laranjan izango gara tenperatu altu iraunkorragatik larunbat arratsaldeko 18:00ak arte, eta muturreko tenperatura oso altuengatik 12:00-18:00 artean. Hori gutxi ez eta, abisu horia izango dugu indarrean baso-sute arriskuagatik larunbat egun osoz. "Baso-sute arriskua altua da kostaldean tenperatura altuengatik, haizearen indarragatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Giro honekin beraz, ostiral honetan, "zerua hodei gutxirekin egongo da orokorrean. Brisa ibiliko da; gauean haizea mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura igoko da", iragarri du Euskalmet-ek. Larunbatean, "goizean eta arratsaldearen hasieran eguzkitsu egongo da. Gainerako orduetan bero-hodeiak ugaritu egingo dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Goizean hego-haizea ibiliko da, arratsaldearen hasieran mendebal/ipar-mendebaldera zakar aldatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa igoko dira. Haize aldaketaren ostean, tenperatura asko jaitsiko da".

Aldaketa igandean. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira", iragarri du aipatu meteorologia agentziak. Ekainaren 19an ez da alertarik izango indarrean. Igande goizalde oso beroa izatea espero da; 25-30 gradu arteko tenperaturarekin. Baina gero, egunean zehar ez du gehiago berotuko eta arratsalderako gainera freskatzera egingo du.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus