2. Uxue Trail

"500 pertsona baino gehiago izatera iritsi gara"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 07:04

Arrakasta itzela izan du 2. Uxue Trail Lasterketa solidarioan parte hartzeko izen-emate kanpainak. 500 laguneko langa gainditu du. Uxue Martin Usurbilgo gazteak duen gaixotasun arraroa ezagutzera eman eta ikerketarako laguntza biltzea xede duen ekimena, larunbat goizeko 9:00etan abiatuko da frontoitik.

Deialdia ezin arrakastatsuagoa suertatu da. Helburua bete eta gainditu du 2. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioaren antolakuntzak. Bart gauean itxi dute elkartasun ekimen honetan izen emateko epea. "500 pertsona baino gehiago izatera iritsi gara. Hau poza!", agertu dute sare sozialen bidez. 300 lagunentzat ireki zuten estreinakoz 2019an ospatu zen lehen edizioan parte hartzeko aukera. Lasterka aritu ezinik geratu ziren hainbat lagun eta oraingoan, "izena eman nahi duten guztiek aukera hori izatea nahi dugu", adierazi zion NOAUA!ri berriki Goyo Martin, Uxueren aitak. Aipatu moduan, harrera ezinhobea izan du deialdiak.

Alaba Uxueren gaixotasun arraroa ezagutzera eman eta laguntza biltzea du helburu lasterketa solidarioak. Lau modalitateko lasterketak izango dira larunbat honetan, ekainaren 18an: 20 kilometroko Uxue Trail Luzea, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motza, 7,5 kilometroko Ipar Martxa eta 5,5 kilometroko Uxue Paseoa izenekoa. Horrez gain, dortsal solidarioa eskuratzeko aukera egon da. 

Izena emanda dauden 500 parte hartzaileez gain, gainerakoei ere bertaratzeko gonbita luzatu du antolakuntzak. "Nahiz eta modalitateetan ez parte hartu, gerturatu Usurbilera, jai giroa izango dugu eta. Gogoratu bertan, kamiseta erosi ahal izango duzuela. Uxuegatik!!". Larunbatean goizeko 9:00etan frontoitik abiatuko da 2. Uxue Trail lasterketa.

Eskertza
Hitzordu honen prestaketan modu batean edo bestean lagundu dutenak eskertu nahi ditu antolakuntzak. "Asko dira proba honen atzetik daudenak eta laguntzaile direnak modu desberdinetan: seinalizaziorako materiala, janaria eta edaria ibilbiderako eta lasterketa amaierarako, zozketarako produktuak, laguntza ekonomikoa, kartelak eta errotulazioa, boluntarioak... Denei mila mila esker, zuen laguntzarik gabe proba hau ez litzateke berdina izango. Zuei esker, “korrika, ikerketa aurrera daramazue”.

Sentsibilizazioa eta laguntza bilketa
Azken bi urteotako osasun krisialdia tarteko, 2019az geroztik berriz ospatu ezin izan den hitzordu honekin, Uxue Martin Usurbilgo gazteak duen gaixotasun arraroa ezagutzera eman, sentsibilizazio lana sustatu eta laguntza bildu nahi dute. Phelan-McDermid izena du Uxuek duen sindromeak; "22q13 kromosomaren gabetzea da", mendi lasterketaren antolatzaileen esanetan. Aipatu kromosomaren izena duen helbidean jaso dezakezue informazio gehiago, 22q13.org.es atarian.