Usurbilgo jaiak

Gazte bazkaritarako txartelak salgai, zikiro janekoak igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 11:19

Bueltan datozen Usurbilgo jaietako bazkaritarako lekua hartzen hasteko garaia da. Gazte bazkarikoak salgai dituzue jada; zikiro janekoak igandean eskuratu ahalko dira eta jubilatuen bazkarikoak astelehenetik aurrera.

Badatoz jaiak, bada festarako gogoa. Bi aste baino gutxiago geratzen dira Usurbil hiru urteren ostean ekainaren 29tik uztailaren 3ra Santixabeletan murgiltzeko. Parte hartu nahi dugun ekitaldien agenda osatzen hasteko garaia heldu da. Egitaraua datorren astean emango da ezagutzera, baina badira aurreratu beharreko zenbait deialdi, lekua hartzen joateko. Bazkariez ari gara.

Lagun nahiz senideen artean festak kalean herrikideekin bizitzeko aukera bat baino gehiago izango ditugu; baina noski, lekua garaiz hartu beharra dago. Adi beraz txartelen salmentari.

Gazte bazkaria
Uztailaren 1ean gazte bazkaria ospatuko da txosnetan. Usurbilgo gazte mugimendutik, zehazkiago esanda, Xauxar txosna batzordetik berri eman dutenez, txartelak jada salgai daude Aitzagan. 

Zikiro jana
Uztailaren 2an, larunbatarekin, bueltan izango da ehunka lagun biltzen dituen zikiro jan arrakastatsua. Urtero txartelak konturatzerako agortzen dira. Adi aurten egin duten deialdiari. Zikiro janerako txartelak igande honetan, ekainaren 19an jarriko dituzte salgai, eguerdiko 12:30etan Aitzaga elkartean. Askatasuna plaza aldetik sartuta eskuratu ahalko dira txartelak.

Jubilatuen bazkaria
Ekainaren 20an jarriko dituzte salgai bestalde, uztailaren 3an 14:00etan baita, baina Atxega jauregian ospatuko den jubilatuen bazkaritarako txartelak. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte eskuratu ahalko dira Gizarte Zerbitzuen egoitzan eta hiru jubilatu elkarteotan; Aginagako Arraten, Santueneako Gure Elkartean eta Usurbilgo Gure Pakean. Ekainaren 22ra arte izango dituzte salgai beranduenez, edo agortu arte, 20 eurotan 60-65 urte artekoentzat, 10 euro 65 urtetik gorakoentzat. 

Adi, bazkari honetara joateko zenbait baldintza bete beharko dira: gutxienez 60 urte beteak izatea edo aurten betetzea eta Usurbilen erroldatua egotea. Salbuespenak: 60 urte baino gutxiagoko pertsonek joan ahalko dute bazkariaren kostu osoa ordainduz, beti ere, bikoteak baldintza orokorrak betetzen baditu eta bera ere herrian erroldatuta badago. Aparteko egoera berezietan, “Udalak, kasu kasu, erabakiko du”.

Jubilatuen bazkarian dastatu ahalko den menua honako hauxe duzue: 
-Dastaketa: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, txipiroizko kurruskia, onddoen hostorea.
-Aukeratzeko: itsasapoa labean olio-errearekin edo idi zatia plantxan hornigaiarekin.
-Postrea aukeran: tarta dastaketa, etxeko mamia edo fruitu gorrien yogurt krema.
-Edariak: ardo beltza, ardo txuria, sagardoa, ura, kafea.