2. Uxue Trail

Giro beroaren pareko parte-hartzea, itzela

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 18a, 13:44

Guztira 534 lagunek bat egin dute 2. Uxue Trail Mendi Lasterketa solidarioarekin. Giro beroak ez dio itzalik egin elkartasun ekimenari.

Aspaldi ezagutu gabe ginen giro sargoria bizitzen ari gara larunbat honetan, ekainaren 18an, 40 gradu inguruko tenperaturarekin. 30etik gorakoa zen jada goiz partean, 2. Uxue Trail Mendi Lasterketako parte-hartzaileak 9:00etan hasita frontoitik abiatu direnean. Beroak halere ez ditu izutu. Giro beroari nagusitu zaio elkartasunarena. Mendi lasterketa solidarioa baitzen gaurkoa, Uxue Martin herrikide gazteak duen Phelan-McDermid izeneko sindrome arraroa ezagutarazi eta ikerketarako laguntza biltzeko. 

Eta udaberri hasieran ekimen honetan antolakuntzak parte hartzeko luzaturiko gonbitarekin bat egin dute 534 lagunek. Lau lasterketa zeuden aukeran; Uxue Trail Luzea, Motza, Ipar Martxa eta Uxue Paseoa. Hurrenkera horretan, 9:00-10:00 artean abiatzen joan dira Dema plaza paretik. Andatza eta inguruetako itzulia eginda heltzen joan dira tantaka-tantaka beranduago.

Gaurkoan aipatzekoa, ekimen solidario honek erakarri duen Usurbilgo herritarren nahiz udalerritik kanpo bizi direnen parte-hartzea. Lerrook ilustratzeko ondoko irudiez gain, parte-hartze datuok:

Proba Parte-hartzaile kopurua
Uxue Trail Luzea (20 km) 144
Uxue Trail Motza (11,5 km) 222
Ipar Martxa (7,5 km) 12
Uxue Paseoa (5,5 km) 104
Dortsal solidarioa 52
Guztira 534