Alerta laranjan

40 gradutik gorako tenperatura, aspaldiko egun beroena

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 18a, 12:12

Gauerdiaz geroztik alerta laranjan gara, eta hala segiko dugu larunbat arratsaldeko 18:00ak arte, lehenago galerna sartzen ez bada. 

Aste honetako egunik beroenean gara. Larunbat honetan joko du goia tenperaturak, eta arratsalde partetik aurrera freskatzera egingo duela dio Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Gauean lo egiteko nahiko lan izan dute herritarrek, 30 gradutik gorako tenperaturarekin. Eguerdi partean, eguzkitan jada berrogeitik gorako tenperatura izatera heldu gara Usurbilen, gutxitan eta aspaldidanik izan gabeko giro beroa. Oraindik ofizialki udan sartu ez garen honetan, oso ohikoa ez den giro honetan, alerta laranja bikotza dago indarrean gauerdiaz geroztik; batetik, tenperatura altu iraunkorragatik eta eguerdiaz geroztik, baita "muturreko" tenperatura oso altuengatik ere. Bi alertak arratsaldeko 18:00ak arte izango dira indarrean.

15 gradu gutxiago ordubetean
Enbata arriskua ere indarrean izango da arratsalde partean eta abisu horia ezarri dute. "Haizeak bat-batean eta zakar mendebal/ipar-mendebaldera egin dezake eta haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko da kostaldean. Haize-boladek 60-70 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Tenperatura ordubetean 15 ºC inguru jaitsiko da", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. 

Larunbat honetan beraz Usurbilen, "goizean eta arratsaldearen hasieran eguzkitsu egongo da. Gainerako orduetan bero-hodeiak ugaritu egingo dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Goizean hego-haizea ibiliko da, arratsaldearen hasieran mendebal/ipar-mendebaldera zakar aldatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira. Haize aldaketaren ostean, tenperatura asko jaitsiko da eta behe-hodeiak ugarituz joango dira".

Igandean oso bestelako giroa. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Goizean goiz mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira". Gehienez 21 gradu izatea espero da udalerri honetan. Euritara joko du astelehenean, ekainaren 20an. "Egunaren lehenengo partean zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Arratsaldean ostarteak agertuko dira. Ipar-haizea nagusi. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da". 19 gradu inguru espeo dira gehienez.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus