San Juan bezpera

San Juan bezperako ospakizunak Kalezarren eta Zubietan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 19a, 11:12

Ekainaren 23an San Juan gaua ohi bezala ospatzeko moduan izango gara berriz, 2019. urtetik lehen aldiz. Kalezarren eta Zubietan hitzorduak antolatu dituzte.

Bi urteko osasun krisialdiak San Juan bezperako ospakizunak ohiko moduan ospatzea eragotzi ostean, inongo murrizketarik gabe oraingoan bueltan datoz ekainaren 23an, ostegunez aurten. Nonahi ikusiko dira sutzarrak, bereziki landa eremuko txoko askotan, baita auzo nahiz herrietan ere. Bi dira ordea, jendea biltzeko momentuz egin diren deialdi irekiak. Bat noski Kalezarren. San Juan jaiei egun horretan, hilaren 23an emango diete hasiera, bezperako ospakizunekin. Bazkalostean, 15:00etan eskean irtengo dira eta ibilbide horretan geldialdia egingo dute gaueko 22:00etan, Pikaolan; Ugartondoko etxebizitza berrien auzunea eraikitzen amaitzen ari diren eremu horren ondoan, garai batean bezala. Jiran segiko dute gero.

Zubieta ere arratsaldetik festa giroan
Zubieta Lantzenek ere San Juan bezperarako ospakizunak iragarri ditu. Arratsaldean gauerako sutzarra prestatzeko lanei ekingo diete, jolaserako tartea zabalduko dute gero. Iluntzean lehenbizi afaria, eta segidan sua piztea.

Ekainak 23, osteguna
17:00 Egur-tontorra osatzea.
18:00 Pin-pon mahaia eta hainbat jolas.
21:00 Afaria.
Eskatu zure ogitartekoa 682 680 997 telefono zenbakira idatzita: patata-tortila edo xolomoa piperrekin. Sagardoa, postrea eta kafea egongo dira.
22:00 Sua piztea eta gau-giro musikatua.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.