ZumartEguna

Abeslari eta musikari harrobi ederraren erakusleihoa, Zumartekoen kontzertu eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 19a, 12:08

Ikasturtea kalean borobildu du Zumarte Musika Eskolak, urtean zehar eginiko lanketa plazaratu duen ZumartEguna ekimenaren bidez.

Rock taldea, eskusoinu joleena, abesbatzak, musika txokokoak, trikitilari eta panderojoleen taldea... Herri honek musikari eta abeslari talde zabala du larunbat honetan ospaturiko ZumartEgunak argi utzi duen moduan. Aurreko urteetan astebete baliatzen zuten ikasturtea kontzertuekin agurtzeko. Aurtengoan aldiz, egun bakarrean bildu nahi izan dute, urtean zehar eskola barruan bideratzen duten lanketa herritarrekin partekatzeko baliatzen duten hitzordua.

Herriari aurkezturikoa lanketaren ikuspuntutik aberastasun itzela izan da. Musika zaletasun, instrumentu, ahots anitz biltzen ditu Zumartek, eta baita belaunaldi ezberdinak ere. Adin tarte guztiei zabalik dago musika eskola. Ahotsa, instrumentuak, heziketa... Jorratzen duten lan esparru zabalaren erakusleihoa izan da ZumartEguna. Emandakoa bueltan txalo artean jaso dute guztiek. Plaza gogotsu hartu zuten musikariek eta zaletuek. Musikarena izan da plaza larunbat honetan.

Giroak baldintzatua
Aspaldi ezagutu gabeko larunbatik beroena izan genuen eta ZumartEgunaren egitarauan eragin zuen. Goizeko hitzorduak, Kale Nagusiko egoitza berrituaren barruan ospatu behar izan zituzten. Zalantza zen, arratsalderako iragarria zuten kalejira ospatu ahal izango zuten. Ordurako nabarmen freskatu zuenez bai, trikitilari eta panderojoleen taldeak frontoian hasi eta amaitu zuen biran, Artzabal eta Kaxko inguruak zeharkatu zituen. Eta segidan, aurreikusi moduan, hiru ordu pasatxoko etenik gabeko emanaldia eskaini zuten ondoko irudiotan dituzuen taldeek.

Musikari eta abeslari harrobi bikaina du Zumartek. Sorkuntzaren ikuspuntutik, bizi asko dago Usurbil.