Usurbilgo jaiak

Zikiro janerako nahiz gazte eta jubilatuen bazkaritarako txartelak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 20a, 08:11

Jaiak lagun artean, kale giro ederrean bizitzea ahalbidetuko duten bazkariotarako txartelak aurrez eskuratu ahalko dira; egunotan. Jubilatuen bazkarikoak, astelehen honetatik bertatik hasita agortu artean. Gazte bazkarirako txartelak iragan astetik eskuragarri dituzue Aitzagan. Zikiro janekoak igandean salgai jarri arren, laster tabernetan jartzekoak direla iragarri du antolakuntzak.

Zikiro jana
Uztailaren 2an 14:00etan Askatasuna plazan ospatuko den zikiro janerako txartelak igande eguerdian salgai jarriko zituztela iragarri arren, ez dira agortu. Antolatzaileek berri eman dutenez, txartelak eskuratzeko aukera izango da laster tabernetan. Laster jakinaraztekoak dira zehaztasunak.

Gazte bazkaria
Uztailaren 1ean gazte bazkaria ospatuko da txosnetan. Usurbilgo gazte mugimendutik, zehazkiago esanda, Xauxar txosna batzordetik berri eman dutenez, txartelak jada salgai daude Aitzagan. 

Jubilatuen bazkaria
Astelehen honetan bertan, ekainaren 20an goizeko 10:00etan jarriko dituzte salgai bestalde, uztailaren 3an 14:00etan baita, baina Atxega jauregian ospatuko den jubilatuen bazkaritarako txartelak. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte eskuratu ahalko dira Gizarte Zerbitzuen egoitzan eta hiru jubilatu elkarteotan; Aginagako Arraten, Santueneako Gure Elkartean eta Usurbilgo Gure Pakean. Ekainaren 22ra arte izango dituzte salgai beranduenez, edo agortu arte, 20 eurotan 60-65 urte artekoentzat, 10 euro 65 urtetik gorakoentzat. 

Adi, bazkari honetara joateko zenbait baldintza bete beharko dira: gutxienez 60 urte beteak izatea edo aurten betetzea eta Usurbilen erroldatua egotea. Salbuespenak: 60 urte baino gutxiagoko pertsonek joan ahalko dute bazkariaren kostu osoa ordainduz, beti ere, bikoteak baldintza orokorrak betetzen baditu eta bera ere herrian erroldatuta badago. Aparteko egoera berezietan, “Udalak, kasu kasu, erabakiko du”.

Jubilatuen bazkarian dastatu ahalko den menua honako hauxe duzue: 
-Dastaketa: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, txipiroizko kurruskia, onddoen hostorea.
-Aukeratzeko: itsasapoa labean olio-errearekin edo idi zatia plantxan hornigaiarekin.
-Postrea aukeran: tarta dastaketa, etxeko mamia edo fruitu gorrien yogurt krema.
-Edariak: ardo beltza, ardo txuria, sagardoa, ura, kafea.