"Sexu aniztasuna herrietan: eta Usurbilen zer?" hitzaldi-tailerra asteazkenean

Ekainaren 28ko LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasun egunaren bezperatan, sexu aniztasuna hizpide izango duen hitzaldi-tailerra antolatu du Usurbilgo Udalak asteazken honetarako, ekainaren 22rako.

Usurbilgo Udalak ekainaren 22rako “Sexu aniztasuna herrietan: eta Usurbilen zer?” hitzaldi-tailerra antolatu du 17:30-19:30 artean Potxoenean. Hausnartu eta ideiak partekatzea du helburu saioak, "Usurbilgo herria LGTB+ pertsonentzat herri bizigarriagoa eta berdinzaleagoa izan dadin".

“Zerk egiten du LGBTIQ+pertsonok herriak uzteko hautua hartzea? Zergatik “ihes” egiten dugu hirietara? Zergatik da hain garrantzitsua geure komunitateak herrian bertan sortzea?” hizpideon bueltako  hitzordua izango da, Hiruki Larroxa herri proiektu integralak garatzen aritzen den kooperatibako kide Egoitz Albenizek eskainiko duen hitzaldi-tailerra. 

Hausnarketa herrietara
Saio honetan, gaiok landuko dituztela iragarri dute: zis-heteroaraua eta hortik at dauden errealitateak; zer egin herriak LGBT+ pertsonentzat bizigarriago izateko?; nola hezi gure txikiak aniztasun sexualean?. Beharrezkoa ikusten dute hausnarketok herrietara zabaltzea. “Sexu askapenaren diskurtsoak bertako komunitateak busti behar ditu, bailaraz bailara eta herriz herri, sexu askapenean oinarritzen den aniztasun hori landuz”. 

Bide horretan, ezinbestekotzat jotzen dute elkarlana. "Batera egin beharko dugu lan guraso, familia, hezitzaile, militante, tabernari, dendari, mediku eta, oro har, herritar guztiek".