Usurbilgo jaiak

Sexu erasoen aurkako lanketa saioak jaien atarian

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 20a, 11:18

Sexu erasoen aurkako lanketa saioak eta gida iragarri ditu Usurbilgo Udalak jaien atarian. Festa egunetarako sexu erasoen aurkako guneak.

"Herriko jaiak libre eta berdintasunean, goza ditzagun guztiok!", hortxe mugimendu feministaren eta Usurbilgo Udalaren mezua daraman pankartak, frontoiaren atzealdean esekia dagoenak dioena. Iragan Sagardo Egunerako kokatu zuten eta ordutik bertan da baita hastear dugun festen denboraldi berri honen atarian. Gai honetan,  begi bistakoa den moduan, zer landua dagoenez, "eraso matxistarik gabeko jaiak helburu" izanda, zenbait ekimen bideratu ditu Udalak egunotarako, Usurbilgo festei ekiteko astebete pasatxo baino geratzen ez den honetan, edota Kalezarkoak abiatzeko hiru egun baino falta ez direnean.

Hasteko, sexu erasoen aurkako gida bat jasoko dute herritarrek etxez etxe. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko diren festen baitan, bi egunetan sexu erasoen aurkako Emaginen gunea kokatuko dute hilaren 1ean, 17:00-22:00 artean eta 2an 17:00-21:00 artean, ostiralean eta larunbatean beraz, Sagardo Egunean egin zen bezala. Murgibe taldeak bestalde, Beldur Barik gunea jarriko du larunbat gauean, 23:00-03:00 artean.

Festez gozatzeko eskubidea bermatzeko
Ate joka ditugun jaiei begira bestalde, lanketa saioak ere iragarri dituzte hainbat kolektiborekin, Sortzen elkarteak dinamizatuta. Esaterako, Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak sare sozialen bidez iragarri duenez, astearte honetan, ekainaren 21ean egingo dute lan saioa, arratsaldeko 17:00etan hasita Artzabalen kokatua dagoen gazte lokalean. Txosna eremuan ariko den pertsona orori parte hartzeko deia egin diete.

"Festaz gozatzeko herritar guztiek duten eskubidea bermatzea du helburu udalak ekimen horien bidez. Izan ere, festa giroa ez da berdin izaten guztiontzat: emakumeek festak askatasunez eta berdintasunez gozatzeko traba gehiago dituzte. Beraz, batik bat, prebentzio lana sustatu nahi du, jaiei begira, erasoak identifikatu, nola saihestu edo halako baten aurrean nola jokatu jakin dezaten herritarrek. Sortzenen saioak udaltzaingoari, gazte mugimenduari, txosna eta jai batzordeari eta ostalariei zuzendutakoak izango dira, eta edukia talde bakoitzari egokitua izango da".