Usurbilgo jaiak: ekainak 29

Odol-emaileen eskutik jaien hasiera eta gazte txupinazoa segidan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 22a, 11:02

Astebete barru, ekainaren 29an Usurbil merezitako festa giroan murgilduko da bost egunez.

Hiru urte itxaron behar izan ostean, astebete baino ez bost eguneko jaien zurrunbiloan murgiltzeko. Ekainaren 29an jaurtiko den txupinazoarekin emango zaie hasiera Usurbilgo jaiei. Asteotan Jai Batzordetik ezagutzera eman bezala, Usurbilgo odol-emaileen elkarteko kideek izango dute festei ekiteko ohorea. Hilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan udaletxeko balkoira igo eta hitza hartzeaz gain, festa giroa lehertaraziko duen lehen suziria piztuko dute.

Pozik eta ilusio handiz hartu dute aipatu elkarteko ordezkariek festen hasiera ekitaldian parte hartzeko gonbita. Are gehiago, herritarren bozketatik datorrela jakinda. Gogoan izan, Jai Batzordeak txoko ezberdinetan jarritako kaxetan herritarrek txupinazorako hautagaiak proposa zitzaketela. Babes handiena jaso duen ekarpena izan da odol-emaileen elkartearen aldekoa.

Emaileak eta elkartearen sortzaileak gogoan izan nahi dituztela, aipatu diote NOAUA!ri txupinazoa piztuko duten herrikideek. Astebete barru ikusiko ditugu udaletxeko balkoian. Koadrodun zapiak lepoaren bueltan janzteko gonbita luzatu dute Jai Batzordetik, Santixabelak hasiko diren unetik bertatik.

Gazte txupinazoa
Udaletxeko balkoitik festen hasiera 19:00etan eta ordu eta erdi beranduago, txosnen irekiera gazte txupinazoarekin eta topa eginez. Sorpresak iragarri dituzte mozorrotuta agertzeko gonbita luzatu duten hitzordu honi begira. Adi, Nafarroako inauterietako nahiz maskaradetako baliatzen duten janzkerarekin agertzeko deia egin du Xauxar Txosna Batzordeak. Gazte sentitzen den orororekin talde argazki handi bat ere atera nahi duten festen hasieran. "Oraina guria denk!" lemapean aterako dituzten zapiak lepoaren bueltan janzteko gonbita luzatzen dute. Egun horretan nahiz jaietan zehar eskuragarri izango dira zapiok txosnetan.

Txosnak ireki berritan, lehen gau parterako herriko bi talderen kontzertuak iragarri dituzte; Ameba eta Viafara taldeena. Segidan, Tzar.

Eguna arratsaldean hasiko dute ordea, azken asteotan jokoan izan den pala txapelketarekin. Binakako finala, kirol egokituen erakustaldiaren ostean.


USURBILGO JAIAK
Ekainak 29, asteazkena
16:00
Pala-txapelketa: kirol egokituen erakustaldia eta binakako finala.
18:00 Jaixkipe txaranga, frontoitik abiatua.
19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera, Usurbilgo odol-emaile elkartekoen eskutik.
Ondoren, erraldoi eta buruhandiak.
20:30 Gazte txupinazoa eta topa txosnetan.
23:30 Ameba, Viafara eta Tzar, txosnetan.