Itzultzear diren Usurbilgo jaien bigarren eguna oilasko biltzaileek esnaraziko digute. Goizean goiz geratu dira, 6:00etan txosnetan. Gosari legea eginda ekingo diote garai batean egin ohi zuten Aginagarainoko itzuliari. Bazkalordurako bueltatuko dira txosnetara. Eta gero jolasak eta aurten, jolasen ostean, trikipoteoa iragarri dute.
Oilasko biltzaileak jiran diren artean, herri erdigunea haur eta gaztetxoena izango da. Aurtengoan, Umeen Eguna uztailaren bata izango den arren, ia egunero izango da haiei zuzendutako hitzorduren bat. Ekainaren 30ean, osasun krisialdiak behartuta ohiko festak ordezkatu zituen Kultur Biraren baitan arrakastatsua izan zen ekimen bati tartea egin diote ate joka ditugun Santixabelen itzuleran: Kolore Festaz ari gara. Haur eta gaztetxoen sorkuntza bultzatu asmo duen hitzordu honen hirugarren edizioa ospatuko da hilaren 30ean.
Dantzari eta bertsolarien arratsaldea
Ohiko "normaltasuna" berreskuratzeaz ari garela, itzulerena izango da ekainaren 30eko arratsalde eta gau partea. Orbeldi dantza taldekoek hartuko dute plaza lehenbizi, segidan bertsolariek. Afalaurretik Gaztelekua ere festa giroan murgilduko da, 12-16 urte arteko gazteentzat iragarri duten diskofesta eta karaokearekin. Gauean erromeriari tartea eta segidan, "Bertsio Gaua" txosnetan.
Xauxar txosna batzordetik berri eman dutenez, berrikuntzak aurtengo edizioan. Jada musika talde baten bueltan dabiltzan kide ezagunez haratago, aurpegi berriek hartuko dute mikrofonoa txosnetako oholtza gainean.
USURBILGO JAIAK
Ekainak 30, osteguna
06:00 Oilasko-biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.
11:00 Haur eta gaztetxoentzako III. Kolore Festa.
14:00 Oilasko-biltzaileen itzulera eta bazkaria.
Ondoren, oilasko-biltzaileen jolasak.
17:00 Euskal preso eta iheslarien aldeko trikipoteoa, txosnetatik abiatuta.
18:00 Dantza emanaldia, Orbeldi dantza taldearekin.
19:00 Buruhandiak.
19:30 Bertsolariak frontoian: Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga. Gai jartzailea, Amaia Agirre.
20:30 Diskofesta eta karaokea Gaztelekuan, 12-16 urtekoentzat.
22:30 Laket taldea frontoian.
00:30 Bertsio gaua txosnetan.