Usurbilgo jaiak: uztailak 1

Haur eta Gazteen Eguna, baita herritarrak lehia bizian jarriko dituena ere

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 22a, 10:39

Belaunaldiartekotasunaren eguna izango da uztailaren lehena Usurbilgo festetan; haur, gaztetxo nahiz gazteena. Baita Usurbilgo kirolariena ere; herrikideak lehia bizian ikusiko ditugu, Anje Duhaldek bisitatuko gaituen uztaileko lehen ostiralean.

Usurbilgo jaiak erdibidera helduko diren uztailaren 1a egun seinalatua izango da herriko belaunaldi ezberdinentzat. Batetik, haur eta gaztetxoen eguna ospatuko da udaletxean egingo zaien harrerarekin, eta segidan biziko duten egunpasarekin. Goiz parterako adin tarte ezberdinei zuzenduriko jolasak izango dituzte, bazkaria Artzabalen eta bazkalostean, txokolate gozoa eta Gorkamendi Dj.a. Buruhandiekin batera, hiru urteotan ikusi ez ditugun erraldoiak ere kaleratuko dituzte. Herritik barrena osteratxo bat egin nahi duenarentzat, txutxu trena ibiliko da udalerritik barrena.

Haurrekin batera, Gazteen Eguna ere ospatuko da uztailaren 1ean. Jolasekin ekingo diote egunari. Hitzordura batuko dira baita Gaztelekukoak. Segidan, bazkaria txosnetan. Txartelak Aitzagan dituzue salgai. Eta bazkalostea girotua biziko dute txosnetan bingo musikatuarekin eta azken asteotan frontoian jokoan izan den Aztarricup-eko sari banaketarekin. Aurreko ostiralean jokatu zituzten finalak. Giro itzela izan dute eta parte hartze are nabarmenagoa, bai genero zein adin tarteen ikuspuntutik. Bestelako kirol jarduerei egin diete tartea gainera, azken asteburuetan frontoia leporaino bete duten txapelketarekin. Sariak emateko unea izango da hurrengo festetan. Sariak banatuta, Zutik elektrotxarangarekin kalejira herrian barrena.

Kirolarien arteko lehia
Egitarauko berrikuntzetako bat segidan. Herri-kiroletan eman dena aurtengoan. Asteburuko eremu honi lotutako ekitaldiak ostiral arratsaldean ospatuko den hitzordu berri batek ordezkatuko ditu. Usurbilgo kirolarien arteko lehiak hain zuzen. "Sei proba hautatu ditugu: giza-proba, txingak, harri-jasotzea, trontza, korrika eta aizkora. Herrikideez osaturiko bi talde arituko dira Dema plazako lehian. "Bi talde izango dira, batzuk gorriak eta besteak urdinak. Modu horretara, zirkuitua osatu beharko da eta lehenengo osatzen duen taldeak irabaziko du", aurreratu dute Jai Batzordetik.

Anje Duhalderen itzulera
Uztaileko lehen eguna, asteburuari hasiera emango diona, borobiltzeko, parranda gau luzea frontoian, Anje Duhalderen itzulerarekin. Eta segidan txosnetan, Perlata eta Skabidean.

Sexu erasoen aurkako gunea
Sagardo Egunean egin bezala, Emaginek sexu erasoen aurkako gunea egokituko du festa eremuan.

USURBILGO JAIAK
Uztailak 1, ostirala
09:45
Haur eta gazteei harrera, udaletxean. Zatoz koadrodun zapi urdina lepoan duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!
10:00-14:30 Jolas-parkea, frontoian.
10:00-12:00 Ginkana, LH1etik LH4ra.
10:00-12:00 Gaztetxoentzako erronka LH5etik DBH2ra.
11:00-14:00 Txutxu trena.
11:00-12:00 Gazte jolasak.
14:00 Gazte-bazkaria txosnetan. Bazkalostean, bingo musikatua eta Aztarricup-eko sari banaketa.
14:30 Umeen bazkaria Artzabalen.
15:30-17:30 Gorkamendi Dj.a Artzabalen.
17:00-22:00 Sexu erasoen aurkako Emaginen gunea.
17:30 Txokolate jatea Artzabalen.
15:30-17:30 Txutxu trena.
18:00 Zutik elektrotxaranga.
18:30 Erraldoi eta buruhandiak.
18:30 Herri-kirolak. Herriko bi talde lehian: txinga, trontza, aizkora, korrika, giza proba, harrijasotzea.
23:00 Anje Duhalde frontoian.
Jarraian, Perlata eta Skabidean txosnetan.