Usurbilgo jaiak: uztailak 2

Soka-dantzak eta zikiro-janak giroturiko eguna, gaupasa luzearen atarian

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 22a, 10:28

Dantzan eta gogotik janez biziko dugu festetako Santixabel Eguna, uztailaren 2a zikiro-janarekin. Gorputza mugituz, goizeko soka-dantzarekin nahiz arratsaldea girotuko duen Tik Tara taldekoekin. Hitzorduok jaietako gaupasari bide emango diote.

Usurbilgo jaietako azken aurreko eguna, usurbildarren festa egun nagusia izango da uztailaren 2a, Santixabel Eguna hain zuzen. Jan-edanik eta gerri buelta mugitzeko aitzakia faltarik ez dugu izango goizetik gauera. Soka-dantza iragarri dute eguerdi partean udaletxe aurrean, eta segidan, berreskuratu den lore eta salda banaketa ospatuko da.

Ehunka lagun bildu izan dituen zikiro-jan arrakastatsua ospatuko da eguerdian Askatasuna plazan. Antolatzaileek iragan igandean jarri zituzten txartelak Aizagan salgai. Egunotan, Bordatxon, Txirristran eta Txiribogan jartzekoak direla berri eman dute.

Dantzan biziko dugu bazkalostea Tik Tara taldekoekin txosnetan. "Saltsa, sona, runba…" eta gehiago Mikel Laboa plazan. Erraldoi eta buruhandien kalejira ere izango da, eta haren ostean Laskotxaranga afal ordura arte.

Gaupasa
Gautxorientzat orohar laugarren parranda gaua izango da uztailaren 2koa. Baina egitarauari erreparatuta, gaupasarako une aproposa hauxe. Urte hasieran disko berria plazaratu zuen Odolaren Mintzoa hasteko frontoian eta segidan agur bira betean den Skastiren kontzertua. Txosnetan parrandari segida, Kristonak taldean bilakatu den Eskean Kristokoekin, Rukula Usurbilgo taldearekin eta Dj Kixo goizaldean.

Eta gaua ez da hor amaituko. Uztailaren 3ko egitarauan sartzen diren hitzorduez ari bagara ere, ohitura zaharrak berreskuratuz, usurbildarrez osaturiko elektrotxarangarekin kalejira iragarri da eguna argituko duen unean eta segidan gaupaseroen argazkia Bordatxo ondoko biribilgunean.

Eraso sexisten aurka
Erasorik gabeko jaiak helburu, hainbat ekimen bideratu dira herrian azken asteotan jaiei begira. Festetako egun honi dagokionean bi hitzordu; uztailaren 1ean bezala, hilaren 2an ere eraso sexisten aurkako gunea kokatuko du Emaginek Sagardo Egunean egin zuen moduan. Eta gau partean, Beldur Barik gunea kokatuko du Murgibe taldeak.

USURBILGO JAIAK
Uztailak 2, larunbata
09:00
Esnadeia txistulariekin.
12:00 Soka-dantza, udaletxe aurrean.
Ondoren, lore eta salda banaketa.
12:00 Preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira, Matraka elektrotxarangak lagunduta.
14:00 Zikiro-jana, Askatasuna plazan.
17:00-21:00 Eraso sexisten aurkako Emaginen gunea.
17:30 Sokamuturra Udarregin.
18:00 Tik Tara taldea txosnetan: saltsa, sona, runba…
18:30 Erraldoi eta buruhandiak.
19:30 Laskotxaranga.
23:00-03:00 Beldur Barik gunea.
23:00 Odolaren Mintzoa, Skasti frontoian.
Ondoren, Kristonak, Rukula eta Dj Kixo txosnetan.