Uztailaren 2ko ekitaldien errepasoan aipatu dizuegun moduan, gaupasa luzearen, edo bestela esanda, gau osoan jai giroak etenik ez duela helduko gara Santixabelen azken egunera; festetarako espresiki osatutako Elektroenzefalograma elektrotxaranga usurbildarrarekin eta kalejira horren baitan, Bordatxo taberna ondoko biribilgunean aterako den gaupaseroen argazkiarekin.
Atseden pixka bat hartzeko tartea segidan goizean zehar. Helduenek hartuko dute lekukoa Artzabalen Toka-txapelketa eta Santixabel Igel Jokoarekin. Egunpasa ederra osatu dute aurtengoan. Jolasean hasi eta Atxega Jauregian bazkalduko dute gero. Txartelak agortu ez badira, Gizarte Zerbitzuen egoitzan edota hiru jubilatuen elkarteetan erosi daitezke.
Bazkalostean, Artzabalen bueltan, dantza giroa; Usurbilgo runba, bachata dantza taldearen emanaldia eta herritar guztientzako dantza gonbidapen irekia Artzabalen. Talde berria honako hau, Gure Pakearen bueltan osatu dutena. Egiten duten lanketa ezagutu eta haien dantza girora batzeko aukera izango da. Puro Relajo arratsaldea borobiltzeko.
Morrotzeko deia
Txosnetan bitartean, bi hitzordu; hasteko mus txapelketa eta segidan, paella jana bertaratu nahi duten koadrilekin. Plana, jaki hau sukaldatu eta lagun artean bertan afaltzea litzateke. Paella-ontzia, sua, gatza eta olioa antolakuntzak jarriko ditu partehartzaileen esku. Gainerako osagaiak bertan afaldu nahi duten koadrilek eraman beharko dituzte.
Hitzorduotara eta festen amaierara, nahieran mozorrotuta agertzeko gonbita luzatu du Xauxar Txosna Batzordeak. Amaiera hain zuzen, trakarekin ez, tristura alboratuta, Silitia taldearen kontzertu osteko karaoke mozorrotuarekin emango diote bukaera festei.
USURBILGO JAIAK
Uztailak 3, igandea
06:30 Elektroenzefalograma elektrotxaranga.
09:00 Gaupaseroen argazkia.
11:00-13:00 Toka-txapelketa eta Santixabel Igel Jokoa, Artzabalen.
11:00-13:00 Puzgarriak: ikastolan, udaletxe aurrean eta Askatasuna plazan.
12:30 Usurbilgo joaldunak.
14:00 Jubilatuen bazkaria, Atxega Jauregian.
16:00 Mus txapelketa txosnetan.
16:00-18:30 Puzgarriak: ikastolan, udaletxe aurrean eta Askatasuna plazan.
17:00 Esku-pilota txapelketako finalak.
18:00 Usurbilgo runba, bachata dantza taldearen emanaldia eta herritar guztientzako dantza gonbidapen irekia Artzabalen.
19:00 Paella jana txosnetan.
19:00 Puro Relajo musika taldea Artzabalen.
23:00 Amaiera emanaldia eta traka.
00:00 Silitia taldea txosnetan. Ondoren, mozorro festa karaokearekin txosnetan.