Joseba Tapiarentzat aurtengo Adarra Saria

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 23a, 08:59

Usurbilekin lotura estua duen Joseba Tapia saritu du Donostia Kulturak. Berarentzat da urtero banatzen duten Adarra Saria.

Hurbileko sortzaileei ematen ari da azken aldian Donostiako Udala, musikagintza alorrari, Musikaren Europako Egunean, ekainaren 21ean, urtero Victoria Eugenia antzokian banatzen duen Adarra Saria. Iaz Zubietan sortutako Amaia Zubiriari eman zioten. Aurtengoan Joseba Tapia saritu du Donostia Kulturak. Zehazkiago esanda, "Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak".

"Saria ematerakoan, kontuan hartu dira Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere".

"Ohorea izan zen Adarra Saria jasotzea"
Aste hasiera honetan izan da sari banaketa. Marijose Rekalde eskulturgilearen garaikurra jaso duen hitzordua, bere "Egon edo ez egon" izeneko azken lana aurkezteko baliatu du Tapiak kideokin batera: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia) eta Ibon Irixoa (saxofoi tenorra) musikariez lagunduta eta Mixel Ducau (saxofoi altua) eta Xabier Leturia (panderoa).

"Eskerrik asko erraldoi bat atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokira hurbildu zineten guztioi! Ohorea izan zen Adarra Saria jasotzea eta guztion beroa sentitzea", adierazi du Tapiak esker oneko, sare sozialen bidez.

Sari partekatua
Gogoan izan, 2014an sortu zuten Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak Adarra Saria, "euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko". Ordutik, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra Saria. Zerrenda horretara batu da orain Joseba Tapia.

Saritua izango zela jakindakoan, Tapiak berak adierazi zuenez, "aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke".