Abisu horian gaur bigarren egunez, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 23a, 08:37

Aspaldiko bero bolada handienaren ostean, euritara joko du egunotan. Aurreko asteburuan beroagatik bezala, egunotan “prezipitazio handiagatik” abisu horian izango gara atzo bezala ostegun honetan ere, 14:00etan hasi eta gauerdira arte.

“Baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak izan daitezke", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak.

Giro honekin, ostegun honetan Usurbilen "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu egongo da. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituz joango dira eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jo dezake. Zenbat lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Hego-osagaiko haizea ahul ibiliko da. Arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta indartu egingo da, tarte biziekin. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoetan gutxi igoko dira".

Ostiralean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta goizean hodeitza txikituz joango da, arratsaldean tarte hodeitsuekin gelditu arte. Goizaldean eta goizean goiz baliteke zaparrada txiki-ertain eta trumoitsuren bat botatzea. Mendebal-osagaiko haizea ahul ibiliko da, eta arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da ahul, tarteka bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira". Larunbatean, "goiz-lanbroa. Goizaldean zerua partez hodeitsu agertuko da, eta goizean goizetik hodeitza handituz joango da, zerua oso hodeitsu gelditu arte. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Goizaldean eta goizean goiz norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da. Goizean mendebal/ipar-mendebaldetik bizi finkatuko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus