Usurbilgo jaiak

Jaietako zaindaria Potxoeneatik zelatan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 23a, 09:13

Jaietako zaindaria zelatan ariko zaigu aurten, Potxoeneatik hain zuzen. Bertan kokatu dute, Santixabelak uztailaren 3an amaitu arte, ikusgai izango dugun Jokin Eizagirre herrikidearen maskota.

Ikusiko zenuen honez gero, edo hobekiago esanda, berak ikusi zaitu zu. 24 orduz zelatan ari baita Potxoenea aldetik. Ikuspegi osoa du, Dema plaza, frontoia eta Mikel Laboa plaza inguruarena. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko diren Usurbilgo festen panoramika osoa. Hortxe izango baita Santixabelak amaitu arte.

Aurreko urteetan baino lehenago eseki dute maskota. Urtero jaiak zaintzen dituena. Garai batean beti frontoitik zintzilikatzen zuten. Gerora, inguruko eraikinetan kokatu izan dute, bat, bi edota hiru piezako artelana. Urtero sortu ohi du ikusmina, jakinmina. Eta burura galdera bat baino gehiago; zer adierazi nahi du egileak? Berari galdetzea hoberena; Jokin Eizagirre herrikidearena da festa hauei begira ondu duen maskota. Jaien zaindaria, aurten zaindu baino zelatan ariko dena.

Azken trakarekin batera agurtuko dugu uztailaren 3an, gaueko 23:00etan Dema plazan ospatuko den ekitaldi berezian. Ordura arte esan bezala, gau eta egun Potxoeneatik zelatatuko gaitu.

Datozkigun jaietan izango dugun hitzordu sortaren berri, egunez egun, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue.