Udal langileen hautaketa eta "Harrera" elkartea hizpide, azken udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 09:58

Aipatzeko bi gai, astebete, ostegun honetara aurreratu den ekaineko udalbatzarrean.

Batetik, Harrera elkarteak orain arte Etumeta AEK euskaltegiak duen egoitzako bulegoetako batean egoten jarraituko duela berretsi zuen udalbatzak ekainaren 23ko osoko bilkuran. 2018an euskaltegiko bulegoetako bat prekarioz lau urterako lagatzea onartu zuten orduko udal ordezkariek. Lau urteko epea datorren ekainaren 28an agortuta, lagapen hau beste lau urtez luzatzea onartu dute aho batez. Erabakia bozkatu aurretik udal ordezkariek hitza hartzeko izan zuten aukeraren baitan, PSE-ko ordezkari Patxi Suarezek babesa adierazi zion proposamenari. Elkartearen zenbait punturekin bat ez datorrela adierazi zuen, baina "birgizarteratzean sinesten dut" esanez erabakiari babesa adieraziko ziola iragarri zuen.

Harrera Taldea, elkarte asistentziala da. "Euskal Herrian dagoen gatazka politikoaren ondorioz, bere helburua kartzelaratua edo erbesteratua egon, eta askatasuna berreskuratu duen pertsona ororen lan integrazioan laguntzea da".

Aldi baterako tasa berri bat

Usurbilgo Udalak maiatzean berri eman zuen moduan, ezinbestean bete beharreko Espainiako Egonkortze Legea tarteko, Usurbilgo Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak 26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu zuen, “administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaisteko”. Udalak 2024. urtea amaitu arteko tartea du, prozesu guztiok amaitzeko.

Datozen bi urteotan beraz, lan eskaintza publiko honen harira, udaletxean "ohi baino lan bolumen handiagoa" izango duela aurreikusten du udal gobernu taldeak, deialdiotan izen emate masiboak izan daitezkeelako. Horren harira, deialdiotara aurkezteko asmoa dutenentzat 10 euroko tasa bat ezartzea onartu dute. Administrazioan, hainbat erakundeek ohituraz ezarritako neurria Usurbilgo Udalak bi urteotan, lan eskaintza publiko honi lotutako kudeaketa amaitu arte izango da indarrean. "Ohiko lan bolumenera itzultzean kentzea aurreikusten dugu".

Tasa honekin helburu bikoitza bete nahi dute; batetik, lan bolumen gehigarri honek eragindako kostuak "neurri txiki batean arintzea". Eta bestetik, lan eskaintza publiko honetara "benetan interesa duen jendea aurkeztea" sustatzea.

Tasa hau ordaintzen dutenen kasuan, norbere egoeraren arabera, hobariak jasotzeko aukera izango dute.

Proposamena gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak osteguneko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.