Udako deialdiak aurkeztu ditu Sarek

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 25a, 08:09

Usurbilgo jaietan nahiz udako hilabeteetan deitu diren hainbat hitzorduetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa egin du Sarek ostiral honetan Mikel Laboa plazan. Ikasturteko azkena izan da momentuz. Udan etenaldia izango baita, etenaldia ostiraleko elkarretaratzeei dagokionean. Uda parterako deialdiak aurkeztu ditu eta Usurbilgo Sarek.

Lehenik eta behin Usurbilgo jaien baitan antolatu diren hiru hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu du. Batetik, Xauxar Txosna Batzordeak ekainaren 30ean, oilasko biltzaileen bazkari eta jolasen ostean, 17:00etan Mikel Laboa plazatik bertatik euskal preso eta iheslarien eskubideen alde antolatu duten trikipoteoa. Uztailaren 2an bestalde, Matraka elektrotxarangarekin aipatu kolektiboen eskubiden aldeko kalejira deitu dute 12:00etan, eta gero, 14:00etan zikiro-jana ospatuko da Askatasuna plazan. Gogoan izan, agortu ez badira, txartelak salgai dituzue Bordatxon, Txirristran eta Txiribogan.

Festen osterako, uda partean zehar, azken urteon antzera, Euskal Herrian barrena bizikleta martxa antolatu du Sarek uztailaren 24ko astean. Azken egun horretan, hilaren 24an goizeko 11:00ak aldera Usurbildik igaroko dira partaideak eta harrera egiteko gonbita luzatu dute. Xehetasun gehiago eskaintzekoak dira aurrerago. Abuzturako beste bi hitzordu; aldaketarik ez bada, lehen igandean hondartzetan antolatu izan diren elkarretaratzeak eta abuztuaren 20an Donostian manifestazioa.

Urriaren 8ra begira
Sarek euskal presoen auziari konponbidea galdegiteko "Izan Bidea" dinamika sustatu du. Horren baitan "ezarritako erronkak kilometroak batzea helburu izango duten mobilizazio" hau urriaren 8an Donostian emango zaie amaiera. Urriko bigarren larunbat horretan, manifestazio "koloretsua" iragarri du Sarek eta arratsalde parterako musika jaialdia Illunben, besteak beste, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza... taldeekin. Haurrentzako gunea ere izango da, jan-edana...

"Premiazkoa da urrunketari behin betiko amaiera ematea"
Usurbilgo Sarek ekaineko azken ostiral honetan egindako elkarretaratzearekin "gogor salatu nahi dugu Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaeraren aurrean frantziar estatuaren aldetik agertutako jarrera ankerra, eta fiskaltza antiterroristak mantentzen duen mendekuan oinarritutako jokamoldea". Sareren esanetan, "lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespenezko espetxe politika iraunarazteko".

Hego Euskal Herrira etorrita, "bi hilabete igaro dira azken euskalherriratzea eman zenetik. Bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko". Sarek zehaztu duenez, une honetan espainiar estatuko espetxeetan 65 euskal preso daude, beste 17 frantziar estatuan. "Premiazkoa da urrunketari behin betiko amaiera ematea". Edozein kasutan, egoerak hobera egin duela dio Sarek. "EPPK-ko 183 presoetatik, 101 daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal presorik lehenengo graduan, 21 preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik".

Halere, salbuespen-politika desagerrarazi eta lege arrunta aplikatuta, "euskal preso gehienek atera beharko lirateke modu batera edo bestera". Eskubide legalak jokoan daudela gogorarazten du Sarek eta hortik "hasitako bideari bultzada ematearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Argi baitugu, jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak ematen jarraituz, kilometroak batuz, egingo dugula aurrera".