Saritu mordoa Hurbilagoren Tonbolan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 25a, 08:18

26 lagunei sari bat egokitu zaie jada, Hurbilagoren Tonbolan. Baina adi, ekainaren 30era arte Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteko kide diren saltokietan erosketak egitearen truke erosketa bonuren bat irabazteko aukera egongo da.

Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan erosteak saria dakar sarritan eta albiste honetako argazki sorta hau horren lekuko argia da. Hurbilago elkarteak abian jarritako ekimen berriak, "Tonbolak" ekarritako saritu taldea duzue. 26 momentuz. Baina gehiago ere izan daitezke egunotan.

Hain zuzen, ekainaren 30era arte Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteko kide diren saltokietan erosketak egitearen truke, eskua albiste honi atxikitako argazkietan duzuen kaxan sartu eta txartel bat ateratzeko aukera izango duzue. Eta txartel horien bidez, honako sari hauek irabazteko aukera. Denda bakoitzak bertan xahutu ahalko diren erosketa bonuok zozketatuko ditu ekimen honen bidez:
-30 euroko bonu bat.
-20 euroko bonu bat.
-10 euroko 5 bonu.

Hemen dituzue orain arte sariren bat egokitu zaien herritarren irudiak. Hurbilago Elkartetik NOAUA!ra helarazitako argazki sorta: