2. Uxue Trail

"Zuen laguntzarekin ikerketa-proiektuak babesten jarraituko dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 26a, 11:57

"Phelan-McDermid familiak eta Uxueren familiak bereziki, eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi", mezu hauxe helarazi nahi izan du ekainaren 18an Usurbilen ospaturiko 2. Uxue Trail Mendi Lasterketa solidarioko antolakuntzak kaleraturiko oharrean.

Ekainaren 18an Andatza inguruak zeharkatu eta 500etik gora partaide erakarri zituen 2. Uxue Trail Mendi Lasterketa solidarioko antolakuntzak ondoko eskertza oharra plazaratu du. Bolondresek eginiko lana goraipatu dute, baita jasotako laguntza nabarmendu ere.

2. UXUE TRAIL MENDI LASTERKETA SOLIDARIOA
"Hemen gaude berriro, Uxue Trail-en bigarren edizioaren ondoren, eta berriro hitzik gabe, haur hauengatik egin dena eskertzeko. Pandemiak eragindako hiru urteko etenaldiaren ondoren, lasterketaren antolaketari ekin genion berriz, gogoz eta ilusioz, aurreko edizioan baino gogotsuago. Jende askok hilabete luzez lan egin du egun hau aurrera atera zedin, Phelan McDermid-a ikusarazteko eta, batez ere, Usurbilen eta inguruetan, kirolaz eta familiaz gozatzeko.

Erakundeek, komunikabideek eta publizitateak, babesleek, osasun-bitartekoak eta, nola ez, euren denbora eta esperientzia oparitu duten boluntarioek emandako laguntza ezinbestekoa da denak engranaje gisa funtzionatu dezan eta Uxue Trail bezalako egun bat ahaztezina izan dadin.

Horregatik, Phelan-McDermid familiak eta Uxueren familiak bereziki, eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi, zaila litzateke norbait ahaztu gabe guztiak aipatzea, musu-truk egindako guztiagatik. Oraindik pertsonengan sinistu eta lagun nahiz auzokideez harro sentitzeko balioak daudelako, soinez soin, orain guztiona den kausa baten alde lan eginez.

Orain sindrome hau apur bat ezagunagoa da, eta zuen laguntzarekin ikerketa-proiektuak babesten jarraituko dugu haur horien eta haien familien bizitza hobetzen saiatzeko.

Gure pausoak beraien ahotsa direlako, mila esker.