Ziortzako kanpaldia muntatzeko lanetan jardun dute

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 26a, 13:10
Argazkia: Ziortza Gazte Elkartea.

Larunbat honetan Peñaloscintosen (Errioxa) izan da boluntario talde bat, uztailean zehar bertan egonaldia egingo duten kanpaldiko eremua egokitzen.

Udako oporretan murgildu berriak dira gaztetxoak. Aurretik merezitako aisialdi tarteaz gozatzeko ia hiru hilabete biziko dituzte. Besteak beste, antolatu diren ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Ziortza gazte elkarteak gogoan izan, Errioxako Peñaloscintosen kanpaldia antolatu du. Izen emateak bideratu ostean, muntaketa lanetan jardun du larunbat honetan, hara joandako bolondres taldeak. "Hau da hau auzolana!", adierazi du Ziortzak sare sozialen bidez, albiste honi atxikitako argazkia argitaratzearekin batera. "Eskerrik asko aurtengo kanpaldiko muntaketara azaldu zareten guraso, gazte eta boluntario guztioi! Zuek ere kanpaldiaren parte zarete!". Abuztuaren 6rako iragarri dute desmuntaketa. Parte hartu nahi duten bolondresek ziortzage@gmail.com helbidera idatzi dezakete. 

Udaberrian zehar bideraturiko matrikulazio epeak izandako arrakasta tarteko, aurreikusiak zituzten bi txandei hirugarren bat erantsi behar izan diete. "Geroz eta gutxiago falta da lehenengo txandari hasiera emateko!", gogorarazi du Ziortzak. Lehen txandakoak Usurbilgo festak igaro ostean abiatuko dira Errioxarantz:
-1. txanda: uztailak 5-14 (DBH 3-4).
-2. txanda: uztailak 14-20 (DBH 2).
-3. txanda: uztailak 20-26 (DBH 1).