2021-22 denboraldi amaiera

Usurbil K.E. eta Usurbil F.T. bat eginik, denboraldi amaierako ospakizunetan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 26a, 10:33

Usurbilgo bi kirol taldeek batera ospatu dute, 2021-22 denboraldi amaiera.

Urte osoko ahalegin, une eta izerdiak partekatzeko aukera izan dute estreinakoz Usurbil Kirol Elkarteak eta Usurbil F.T.-k, herriko futbol eta eskubaloi taldeek alegia. Goizean gaztetxoenen arteko jolasak ospatu zituzten bi klubetako kideek. Eta iluntzean, afari jendetsuaren bueltan bildu ziren frontoian. Sari banaketa batekin borobidu zuten afalostea, eta ondoren, bat baino gehiago izan ziren Kalezarko jaietara igo zirenak.

"Giro bikaina izan genuen atzo Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k elkarrekin antolatutako afarian. Txalotzekoa bi klubek egindako urratsa eta mila esker herriko haur eta gazteek kirol eskaintza aparta izateko egiten duzuen itzelezko lan bolondresagatik. Zein beharrezkoa dugun herrian zuen lana eta ekarpena, izan zuzendaritzaren alorrean, izan entrenatzaile moduan. Bide batez zorionak saritu guztiei!", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez.