C2 agiria eskuratzeko prestakuntza taldea osatu nahi du Etumeta AEK euskaltegiak

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 28a, 08:29

Aurtengoak berea eginda, 2022-23 ikasturtera begira da Etumeta AEK euskaltegia. Irailaren 1ean zabalduko duten matrikulazio epearen baitan, maila guztietako ikastaroetan trebatzeko aukera eskainiko dute. Oraingoan arreta ordea, garai bateko EGA edo egungo C1-en ondorengoan, maila teknikoan kokatzen duten C2 tituluan jarri nahi dute eta berau eskuratzeko taldea osatzeko deia egin dute.

Etumeta AEK-tik Rosa Zubeldiak gogorarazi digunez, agiri hau izatea sarritan administrazio publikoarekin lotzen dugun arren, “egia da enpresa pribatuetan ere eskatzen dela”. Geroz eta gehiago gainera. “Duela lauzpabost urte C2-az hitz egiten entzuten zenuen baina ez gertuko jendea. Orain ez dizut esango titulu hau eskuratzea arrunta denik baina eskaera eta jakinmina handitu da”. 

C2 gehiagotan eskatzen dute
Etorkizunean gainera lan munduan, bai arlo pribatuan zein publikoan, bietan “aurreikusten dut egun C1 eskatzen duten tokietan C2 eskatuko dela”, Zubeldiak aurreikusi duenez. Horregatik dio, “aurre hartzea ez legokeela gaizki” eta hortik euskaltegian ere C2 titulua eskuratzeko prestakuntza taldea osatzeko gonbita, datorren ikasturtera begira. Astean bi ordu eta erdiko bi klase eskainiko dituzte “eta gainerakoak     tutoretzak”. Autoikaskuntzaren bidea aurrez aurreko saioetara joan ezin dutenentzat. Nork bere kontutik egin ditzake C2 tituluari lotutako probak, udaberri eta udazken partean izaten diren deialdi irekietan.

Aurrez euskaltegian trebatzeak ordea badu abantailarik Etumeta AEK-tik nabarmendu dutenez. Batetik, zenbait proba aurrez bertan egiteko aukera. “Deialdi itxian, azterketa pasa aurretik euskaltegian ebaluazio bat gainditu behar dute. Bertan entzumen eta irakurmen probak gaindituz gero ez ditu errepikatu behar, zuzenean idazmen proba egitera joaten da”. Eta udaberrian eskuratutako nota, udazkeneko bigarren deialdirako gordetzen da. Gainditutako probak ez lirateke errepikatu beharko. C2 euskaltegian prestatzearen bigarren abantaila, ekonomikoa; “merkeagoa da. Azterketaren prezioa erdira jaisten da”. Eta horri batu behar zaio, Usurbilen erroldatua egon edota finkatua dagoen gutxieneko asistentzia egitaztatuz gero, ikastaroa doakoa dela, Usurbilgo Udalak matrikulazioaren ehuneko ehuna diruz laguntzen baitu. 

Gorriz zuzentzen ez dena landu behar
C2-a gainditzen laguntzen duen entrenamendu modukoa da euskaltegiak eskaintzen duena. “Ezagutza arlo bat edo proiektu txiki bat garatua izatea eskatzen da” eta. EGA-rekin edo C1-arekin alderatuta, C2-a gainditzeko irizpideen artean badira “gorriz zuzentzen ez diren balore batzuk. Gorriz zuzentzen duguna gramatika da. Argi ikusten du ikasleak. Baina horren atzean badaude zenbait gabezia, hutsune, aberastu edo osatu beharrekoak eta horiek ez dira gorriz markatzen”. Azterketarako ordea landuak daudela erakutsi beharrekoak dira; besteak beste, “testu generoari eta koherentziari garrantzia handia ematen zaio”.

Komunikatzeko erraztasunak eskaintzea helburu
Titulu hau eskuratzetik ezin hurbilago den herrikideen artean da Jon Imanol Etxabe Telleria. Larunbatean egitekoa zuen azkeneko proba, mintzamenarena. Hamaika egitasmotan buru-belarri lanean ibilita, autoikaskuntzaren bidea hautatu zuen usurbildarrak C2-a prestatzeko, Lasarteko Muntteri AEK-n aritu da. “Beti gustuko izan ditut hizkuntzak. Kantuaren bidez hainbat hizkuntza gehiago ikasteko aukera izan dut. Zentzugabekeria iruditzen zitzaidan kanpoko hizkuntzetan hain zentratua egotea eta etxekoa maila goren   horretaraino ez eramatea”. Euskara egokiago erabiltzeko gogoz zen eta baita titulua bera eskuratzekoa ere. “Psikologoa-sexologoa naizen heinean, administrazio publikoarekin kontaktuan egongo naiz lehenago edo beranduago eta jakina da puntuak ematen dituela titulua izateak”. 

Errazago komunikatzeko
Gai honekiko interesa izan dezaketenentzat, zenbait gako eskaini ditu usurbildarrak. “C2-aren helburua komunikatzeko erraztasunak eskaintzea da”. Bere esanetan, “ez da samurra baina konstantzia hartuz eta ohituz gero, lanketa honi denbora zehatz bat eskaintzea lortu eta horrekin aurrera egiten duzu”. Bere ustez, “zerikusi handia du norberak hizkuntzak ikasteko izan dezakeen erraztasunarekin”. 

Gai egokia hautatzea
Probei begira, norberak hautaturiko gai baten inguruan idatzi nahiz ahoz azalpenak ematea eskatzen dute. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen du gaia egoki hautatzea, probetan gero “horri buruz hitz egiteko” konpromisoa hartu behar baita. Gaiarekiko berarekiko ez da ezagutza sakona behar, baina bai idazlan nahiz ahozko saioan moldatzeko adinako gaitasuna erakutsi behar da. 

Hitanora hurbiltzen 
Jendea gutxienez titulu hau eskuratzen saiatzeko gonbita luzatzen du Etxabek, “beti da denbora egokia kulturan eta bereziki euskaran inbertitzen dena”. Bere kasuan, “C2ari esker euskarara gehiago gerturatu naiz eta hitanoa ahotan hartzera animatu naiz lehen aldiz. Hartu nahi dudan ohitura da. Kaletik ikusten nauten usurbildarrei hika hitz egitera   animatzen diet”.