Tasa berri bat indarrean jartzea onartu zuen Usurbilgo Udalak iragan asteko osoko bilkuran; udal lan deialdietara aurkezteko ordaindu beharko dena datozen bi urteotan. Hasieraz onartu ostean, asteazken honetatik, ekainaren 29tik 30 lanegunez alegazioak aurkezteko epea zabalik izango dela berri eman du iragarki bidez Usurbilgo Udalak, astearte honetako (ekainak 28) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. "Udalbatzak, 2022ko ekainaren 23an egindako Osoko Bilkuran, 2022rako Ordenantza Fiskalen behin behineko aldaketa onartu zuen, tasa berri bat sortzeko. Hartutako erabakiak eta horretarako izapidetu den espedientea jendaurrean jartzen dira", berri eman du GAO-k.
26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikorako
Datozen bi urteotan beraz, lan eskaintza publiko honen harira, udaletxean "ohi baino lan bolumen handiagoa" izango duela aurreikusten du udal gobernu taldeak, deialdiotan izen emate masiboak izan daitezkeelako. Horren harira, deialdiotara aurkezteko asmoa dutenentzat 10 euroko tasa bat ezartzea onartu dute. Administrazioan, hainbat erakundeek ohituraz ezarritako neurria Usurbilgo Udalak bi urteotan, lan eskaintza publiko honi lotutako kudeaketa amaitu arte izango da indarrean. "Ohiko lan bolumenera itzultzean kentzea aurreikusten dugu".
Tasa honekin helburu bikoitza bete nahi dute; batetik, lan bolumen gehigarri honek eragindako kostuak "neurri txiki batean arintzea". Eta bestetik, lan eskaintza publiko honetara "benetan interesa duen jendea aurkeztea" sustatzea.
Tasa hau ordaintzen dutenen kasuan, norbere egoeraren arabera, hobariak jasotzeko aukera izango dute.
Proposamena gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak ekainaren 23ko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.