NOAUA! Aurten, ostiralerako aurreikusi dituzue herri kirolak.
Pako Agudo: Hasi ginenean festak antolatzen, jaiak antolatzeko eta ulertzeko moduari buelta handi bat eman genion. Kultur Birak utzitako ondorengotza izan da planteamendu hau. Gauzak aldatzeko nahia zegoen, orokorrean. Herri-kirolei heltzean, eguna baino formatua aldatzea erabaki genuen. Proposamen berri bat nahi genuen herritik eta herriarentzat sortutakoa. Egokiagoa iruditu zitzaigun ostiralean egitea herritarrek disfrutatu eta jai egunak izateko hurrengo egunetan ere. Zergatik beti igandetan? Nik uste giro polita sortuko dela ostiral arratsaldean.
Nola aukeratu dituzue parte hartuko duten herritarrak?
P.A: Lantalde txikian hasi ginen herri-kirolak antolatzen. Herritar egokiak nahi genituen honetarako, eta pixkanaka batzuen eta besteen ateetara deitu genuen. Hala, Lur Errekondo eta Ane Zinkunegi harri-jasotzaileei proposamena luzatu genien, eta hortik aurrera, pixkanaka modalitate bakoitzerako jende egokia hautatzen hasi ginen. Sei proba hautatu ditugu: giza-proba, txingak, harri-jasotzea, trontza, korrika eta aizkora. Giro ederra sortuko delakoan gaude.
Emakumeak ere badaude tartean. Harri-jasotzaile emakumeak orain hasi dira ezagun egiten eta herrian bi baditugu.
Haritz Esnal: Gure helburuetako bat emakume eta gizonen artean osatutako taldeak egitea zen. Trontzan, adibidez, taldeko bi pertsonek hartzen dutenez parte, bikote mistoak sortu nahi izan ditugu. Korrikalari neskak lortzea ere nahikoa kosta zaigu. Herrian emakumezko korrikalari asko daude, baina jendea ez da animatzen. Txingetan, esaterako, zailagoa da neskak animatzea eta harri-jasotzaile emakumezkoak izatea ere duela pare bat urte ezinezkoa izan zitekeen, baina orain horretan dabiltzan bi baditugu. Kontua probatzea da eta behin probatuta, erabakitzea gustatzen zaigun edo ez. Aberasgarria izan daiteke.
Sei zatitan banatutako zirkuitua izango da.
H.E: Zirkuitu hori laupabost aldiz egitea da ideia. Oraindik zehazteke daukagu zenbat izango diren.
P.A: Behin zirkuitua bukatuta ez da erakustaldirik edo antzekorik izango. Bi talde izango dira, batzuk gorriak eta besteak urdinak. Modu horretara, zirkuitua osatu beharko da eta lehenengo osatzen duen taldeak irabaziko du.
Lur Errekondo: Erreleboka osatutako lehiaketa bat izango da. Hori da dakarkigun proposamena.
Zenbat denborako saioa espero duzue?
H.E: Ordubete inguruko saioa espero dugu. Kirolariek lehenengo pixka bat berotu beharko dute, aurkezlearen hitzak entzun, lanean hasi eta amaierako agurrekin eta abar, denera ordubeteko buelta horretan ibiliko gara.
P.A: Eguraldia ere ikusi beharko da. Euria izanez gero, atzeratzeko denbora pixkat bat badugu. Euri pixka batekin ere egin liteke, baina harri-jasotzaileentzat izan daiteke arazorik handiena. Nolabait egingo genuke aurrera eraman ahal izateko, baina onena horretan ez pentsatzea da.
Kirol erronka honek etorkizunean gehiago ere ekarriko ditu?
P.A: Irabazten duena Usurbilgo lehen talde garailea izango da, eta horrek ohorea emango die. Hala ere, garrantzitsuena jendeari berrikuntza hau plazaratzea da eta balorazio positiboa egingo dugulakoan gaude.
H.E: Agian, San Praixkuetan dabiltzatenek deituko digute erronka jotzeko. Nork daki.
L.E: Formatu berri honek freskotasuna ematen die herri-kirolei eta ikusi beharko da jendeak nola erantzuten duen. Jendea erakar dezakeen formatua da, denak herritarrak izanda, lagunak eta senitartekoak ere etorriko dira ikustera, eta herri-kirolak maite dituztenak ere beti bezala, berdin-berdin hurbilduko dira plazara. Belaunaldien arteko topagune izan daiteke.
Aurten ez dago idi-demarik izango. Zer esan dezakezue?
P.A: Guk formatu honen aldeko apustua egin dugu eta idi-dema kanpo utzi dugu. Erabakiak hartu egin behar dira eta idi-demaren aldeko apustua eginez gero, aurtengo prestatu dugun hau ezingo litzateke egin aurrekontua dela medio. Ikuslego zabalgoa nahi genuen aurtengo eta horretarako zerbait berritzailea egin beharra dago. Animalien gaia pil-pilean dago azken urteetan, eta guk herri-kiroletatik kanpo utzi baditugu ere, sokamuturra egingo da. Guk ez dugu idi-demaren aurka egin nahi, baizik eta beste proposamen bat luzatu eta ikusi ea herritarrek gustuko duten.
H.E: Kultur Biraren filosofiak jaiak herritarrek eta herritarrentzat egitea da eta dirua herritarren artean banatzea iruditu zaigu egokiena. Trontzak Aginagako Jai Batzordeak utzi dizkigu, harriak ere herritarrek utzi dizkigute eta kamisetak ere herritarrek egingo dituzte. Auzolanean egindako zerbait da. Hori nahi genuen.