Udajolas abian

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 4a, 10:46

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko aisialdi ekimena abian da jaiak amaitu berritan.

Jaiak amaitu dira, baina herri bizitzak ez du etenik. Santixabelak agurtu eta ordu gutxira abiatu dute Udajolas Usurbilen. Goizeko 9:30etan herri erdigunean txoko ezberdinetan jarria zuten hitzordua, begirale, guraso eta haurrak elkartzeko. Gaurtik hasi, eta uztailaren 29ra arte, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean, denetariko ekintzez lagunartean gozatzeko aukera izango dute 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoek. Ostegunetan 16:30ak arte luzatuko da Udajolas, egun horretan irteerak egitekoak dituzte eta.

Gogoan izan, aurtengoan parte-hartze marka hautsi duela Udajolasek. Inoizko deialdi arrakastatsuena izan zen udaberri partean bideratu genuen izen-ematearena. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenean 200 lagunek adierazi zuten partehartzeko gogoa. Eta 200 lagunentzako lekua zuen Udajolasek.

Begirale talde zabal batek kudeatuko ditu udalekuok; haiei astelehen goiz honetan ateratako argazkia da albiste honi atxikia duzuena.