Oporretan ziren duela pare bat astetik, baina orain oporretara doaz. Eta nabari zen gaur, Oiardo Kiroldegi atarian. Motxilen garraioa, gurasoei azken agurra, datozen egunok lagun artean bizitzeko irrika... agerikoak ziren. Astearte goiz honetan abiatu da Usurbildik Errioxarantz, Ziortzak antolaturiko udako kanpaldian izena emana zuen lehen gazte taldea, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleak hain zuzen. Ohi bezala, Peñaloscintosen egingo dute bederatzi eguneko egonaldia. Beste bi txandek hartuko diete lekukoa, guztira hiru txanda antolatu behar izan ditu eta Ziortzak, udaberrian zehar bideratu zuten izen-emate deialdi arrakastatsuaren ostean, denei ekimen honetan partehartzeko aukera eskaini ahal izateko.
Aipatu moduan beraz, hilaren 14ra arte DBH 3 eta 4 mailetako ikasleak izango dira Peñaloscintosen, DBH2-koek hartuko diete lekukoa hilaren 20ra arte gero. Eta uztailaren 20tik 26ra izango da hirugarren eta azken txanda; DBH 1ekoentzat.
Desmuntaketa
Gogoan izan, hilabeteetako antolaketa lanaren emaitza dela Ziortzaren udako kanpaldia. Besteak beste, gaur lehen gazte taldea Peñaloscintosera heltzerako azpiegitura osoa prest izango dute, ekainaren 26an Usurbildik hara joandako boluntario talde batek eginiko auzolanari esker.
Kanpaldia amaitu osterako finkatu dute desmuntaketa lanak bideratzeko eguna; abuztuaren 6rako hain zuzen. Parte hartu nahi duten bolondresek ziortzage@gmail.com helbidera idatzi dezakete. "Eskerrik asko aurtengo kanpaldiko muntaketara azaldu zareten guraso, gazte eta boluntario guztioi! Zuek ere kanpaldiaren parte zarete!", adierazi diete antolatzaileek asteotan sare sozialen bidez.