Irailetik aurrera

Lur Errekondo, ETB-ren "Naufragoak" lehiaketa berriko aurkezlea

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 7a, 09:05
"Naufragoak" saio berriko aurkezleak. Irudia: ETB.

Euskal Telebistak jakinarazi duenez, Kariben girotua egongo den "Naufragoak" izeneko abentura lehiaketa berria aurkeztuko du irailetik aurrera, Iñigo Vicensekin batera.

Lehen eskubaloian, azken aldian harrijasotzen eta udazkenetik aurrera, aurkezle lanetan ere ikusiko dugu Lur Errekondo herrikidea Euskal Telebistan. ETB-k jakinarazi berri duenez, "Naufragoak" izeneko saio berria aurkeztuko du udazkenetik aurrera, Iñigo Vicensekin batera. Kariben girotua egongo den abentura lehiaketa berria izango da. Aipatu moduan, "Naufragoak" saio berria, irailean estreinatuko da Gasteizko FesTVal telebista jaialdiko aurkezpenaren ostean. "El Conquis" lehiaketa ezaguneko sortzaileak dira egitasmo honen sustatzaileak. Oraingo hau ordea, euskaraz eskainiko da.

Modu honetan aurkeztu ditu ETB-k saio berri honen gidariak. "Lur Errekondo eskubaloiari lotutako familia batetik dator. Xabier Mikel Errekondo jokalari mitikoaren alaba da, eta Bera Beran jokatu zuen, Ohorezko Mailan, belauneko lesio batek eskubaloia uztera behartu zuen arte. Orain, harri-jasotzaile profesionala da. Iñigo Vicens, berriz, prestatzaile fisikoa da, crossfit eta entrenamendu funtzionaletan aditua. Euskal Telebistako aurpegi ezaguna bihurtu da hainbat saiotan kolaboratzaile lanetan aritu ondoren, eta etxetik kirola egiteko ETB1eko "Adinberri" saioaren aurkezlea da".

Saioaren mekanika
"Lehiakideak bikoteka arituko dira. Parte hartzaileek abentura gogorrari aurre egin beharko diote, muturreko egoerak biziz eta denetariko erronkak gaindituz".

Baldintza deserosoetan lehiatu beharko dira saioko partaideak. "Karibe itsasoak paradisuzko harea zuridun hondartzak ekartzen dizkigu gogora, baina hurakan eta arriskuz beteriko itsasoa da. Bertan ondoratuko dira "Naufragoak" reality berriaren protagonistak, eta, bizirauteko, joko eta proba gogorrei egin beharko diete aurre. Hondartzen lehen lerroan dauden kokondoak atzean izkutatzen den infernuaren ateak dira, besterik ez, sugeen, armiarmen eta milioika moskitoen bizilekua. Gainera, hezetasunak eta puntako tenperaturek bertan lehiatzeko baldintzak gogortu baino ez dituzte egiten. Lehiakideek ez dute inongo luxurik izango eta behar bezala prestatu beharko dira saioan parte hartzeko".