Jendetsuak eta giro ederrekoak izan diren Usurbilgo jaien balantzea egiteko unea heldu da. Jai Batzordeak bilera irekia deitu du ostegunerako, uztailak 14, arratsaldekoa 18:00etan Potxoenean. Aurretik ordea, astearte honetarako, hilaren 12rako, festen antolakuntzan partehartu duten eragileei helarazitako balorazio orria beteta helarazteko gonbita luzatu du aipatu bilguneak, kultura@usurbil.eus helbidera hain zuzen.
Jaietako alderdi anitzen puntuazioa
Aipatu orri horretan, batetik, balorazio orokorra idazteko aukera dago; ze ekintza edo gai ondo atera diren, eta zeintzuk ez hain ondo. Batetik hamarrerako puntuazio sistemarekin, jaietan herritarren parte hartzea nolakoa izan den, festa giroa, belaunaldi desberdinen arteko nahasketa, bilerak, Jai Batzordearen lana, antolatzaileena, Udalarena, diru-baliabideak ebaluatu daitezke. Puntuazio baxuena dutenak hobetze aldera ekarpenak edo proposamenak egin daitezke baita.
Antolaketa lana ere baloratzeko aukera dago. Ia auzolana sustatu den, Jai Batzordean ardurak egoki banatu ote diren, erabakiak adostasunez hartu ote diren, arazoen konponbidean denek parte hartu ote duten, norberak nola bete dituen Jai Batzorde barruko lanak eta epeak (aurrekontuak eta zerbitzuetako eskaerak garaiz egin ote diren, bileretara joan ote diren...), antolatu diren ekintzek gainerako kideenak eta herritarrak errespetatu diren...
Euskara, ingurumena, parekidetasuna
Zeharlerroen tratamendua ere baloratu daiteke ebaluazio orri horretan. Batetik, jaietan euskarari emandako tratamendua; bai Feriagunean, tabernetan, txoznagunean, ekarri diren musika taldeetan, esatarietan, bozgorailuetatik jarritako musikan, jarritako oharretan, ekintzen fakturetan.... Ingurumenari dagokionez ere jaietan egoki zaindu ote dugun galdetzen du Jai Batzordeak eta ia 2023rako zer proposatzen den. Eta emakume eta gizonen parte hartzeak ere aparteko atala du. Ia partehartze orekatua sustatu duten jaiek, galdetzen da orri horretan. Desoreka egon bada, arrazoia zein den eta aurrera begirako proposamenak idazteko aukera dago.
Eta amaitzeko, etorkizunera begirako galdera irekia; ia zer ekarpen edo proposamen egin nahi dien norberak 2023tik aurrerako festei.
Bilera ostegunean
"Bukatu dira Santixabelak eta bizipen ederrak utzi dizkigute. Aproposa ikusi dugu jaien balorazioa egiteko bilera bat egitea: zer atera den ondo, zer hobetu daitekeen... guztion artean ikusteko", jakinarazi dute Usurbilgo Jai Batzordetik. Festen osteko bilkura honen hitzordua iragarri eta zehaztu dute jada; uztailaren 14an izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean.