Beroaldia

Bihartik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 12a, 08:18

"Tenperatura altu iraunkorragatik" abisu horian izango gara gauerditik aurrera.

Tenperaturak gorantz egin du azken egunotan eta joera ez da etengo aste honetan. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gauerditik aurrera abisu horian izango gara "tenperatura altu iraunkorragatik". Asteazkenean eta ostegunean behintzat bai, 20-30 gradu izan ditzakegulako. Halere, informazioa eguneratu dezake Euskalmet-ek aste honen amaierarako, tenperatura nabarmen igotzea espero baita. Astearte honetan, Usurbilgo iragarpenari begira jarriz gero, 27-28 graduko tenperatura izatea espero dugu larunbatera arte. Igandean ordea, 31 gradu ere izan ditzakegu eta 36 gradu datorren aste hasieran.

Egun hauetan guztietan giro eguzkitsua espero da. Gaur, uztailak 12, "zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da. Goizean goiz eta azken orduetan mendebaldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan ipar-ekialdekoa. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da". Biharko, hilak 13, aldaketarik ez; "zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Goizean goiz hego-haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa eta gauean mendebaldekoa. Tenperatura gutxi igoko da", Euskalmet-en arabera. Oso antzeko giroa izango dugu etzi, uztailaren 14an. "Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta eguerditik aurrera ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus