Aurrerantzean sarritan topo egingo duzue kalean ondoko argazkiko lagunarekin, Asier Berraondo lasartearrarekin. Datorren udaberrira arte udaletxean ariko da denetariko lanak egiten. Dagoeneko bi aste darama jardunean; “kale garbiketan, liburutegiko hainbat zereginetan zein gizarte zerbitzuetako eta udaletxeko era askotako lanetan. Goizero egiten ditu lan horiek, atsedenerako tartea barne. Pixkanaka, herria eta eraikinak ezagutu ahala, gero eta autonomoagoa da Asier ere, lanerako zein Usurbilera joan-etorriko bidaia egiteko”, Udaletik berri eman dutenez.
Ingurune arruntetan laneratu ahal izatea, erronka nagusia
Gureak eta Atzegik sustatutako Pauso Berriak programaren baitan ari da Asier Usurbilen lanean. Udalak bat egin duen egitasmo honen baitan, bi erakundeek biltzen duten kolektibo anitza ingurune arruntetan laneratzea du helburu. “Lau hilabeteko prestakuntza jasotzen dute parte-hartzaileek. Batez ere, autonomia lantzen dute, praktikaldian egingo dituzten lanetarako prestakuntza jasotzearekin batera. Enpresa edo erakundeetan egiten duten praktikaldia, berriz, urtebete ingurukoa izaten da”. Asierren kasuan bezala; aipatu moduan, datorren udaberrira arte sarritan egingo dugu topo berarekin.