Errigoraren diru-bilketa, Nafarroako suteen hondamendiari aurre egiteko

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 12a, 08:00

Nafarroako suteek eragindako hondamendiari aurre egiteko diru-bilketari kanpaina abiarazi du Errigorak.

Inoizko kalte handienak eragin dituzte ekainean Nafarroan izandako suteek. Kalkulu ofizialen arabera, 15.000 hektarea inguru erre dituzte. "Zalantzarik gabe, hondamendia izan da gure lurrentzat", nabarmendu du Errigorak. Kalte ikaragarri hauei aurre egiteko "suhiltzaile, basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana" goraipatu du Errigorak. "Erabakigarria izan da erabateko tragedia saihesteko". 

Horregatik, "herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa" abiatzea erabaki du uztailaren 15era arte, "auzo lanak etenik izan ez dezan". Errigorak 10.000 euroko ekarpena egitea erabaki du "unearen larritasuna ulertuta". Ildo beretik, "euskal herritarrei haien ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira, lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko". 

Lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduen alde
Elkartasun olatu honetara batzeko deia egin du Errigorak. "Atera dezagun txarrenetik onena; izan daitezela errautsak ongarri", Errigoratik nabarmendu dutenez. Ekarpenak egiteko bi bide zabaldu dituzte errigora.eus atarian; txartelarekin edota kontu zenbaki batean diru ekarpenak egiteko aukera eskaintzen ari dira. 

Jasotako laguntzarekin, argitu dutenez, "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatu nahi ditugu, aurtengoa izan dadin, betiko, Nafarroan inoiz piztu den suterik handiena". Horretarako bi lan-ildo jorratu nahi dituztela azaldu du Errigorak. Batetik, "suteak zabaltzea zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortu nahi ditugu". Bigarrenik, "abeltzaintza estentsiboa sustatu nahi dugu, ganadua izan dadin suhiltzaile eraginkorrena".