Txirrinda gaineko hiru itzuli, uda honetan

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 13a, 07:41

Aldarrikapenak bideratzeko nahiz lehiaketa ezagunetako hiru txirrindularitza itzuliek zeharkatuko dute Aginaga eta Usurbil uda honetan, N-634 errepidetik barrena.

Sareren bizikleta itzulia
Antolakuntzak egunotan iragarri moduan, Sareren bizikleta itzuliak uztailaren 24an zeharkatuko du Aginaga eta Usurbil N-634 errepidetik barrena. Goizeko 11:00etan finkatu du hitzordua Sarek Mikel Laboa plazan, San Inaziora martxa ikustera jaisteko. Hiru eguneko itzulia izango da, uztailaren 22an Etxarri-Aranatzen hasi eta bi egun beranduago, Donostian amaituko dena. Informazio gehiago: sare.eus

Donostiako Klasikoa
Uztailaren 30ean ospatuko den txirrindularitza probak udalerri hau zeharkatuko du. Donostiako Alderdi Ederren hasi eta hiriburutik irtengo dira. Txikierditik barrena, N-634 errepidetik Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dute partehartzaileek; 12:04 aldera Usurbil, 12:09 aldera Aginaga. Handik Urola Kosta aldera joko dute. "Klasikoaren lehenengo zatian, Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatuko da, eta, gehienbat, laua da. Ihesaldirako eremu ona den arren, lehia handikoa izango da".

Elgoibar ingururaino heldu eta Azpeititik bueltan Tolosara jaitsi eta Buruntzaldeatik Oarsoaldera helduko dira. Bidasoa ertzeraino heldu eta handik Donostiara itzulera. "Lasterketaren bigarren zatian, mendia agertuko da, Jaizkibeletik (2. mailakoa) eta Erlaitzetik (1. mailakoa) igarotzean. 2 igoera horietan, belarra banatuko da lastotik, eta indartsuenek zeresan handia izango dute lasterketaren bilakaeran".

Azken kilometroetan Igarako itzulia egingo dute, Murgiletik barrena. "Txirrindulariak helmugatik igaroko dira Murgilerako (2. mailakoa) azken igoerari ekin baino lehen. Igoera laburra den arren aldapa gogor-gogorrak dituenez, taldea iragaziko du ezinbestean. Gailurretik, 8 kilometro-edo geratuko dira helmugarako, eta, horren ondorioz, oso garrantzitsua da ondo lekuratuta igotzen hastea. Igeldotik jaitsitakoan, gogoz helmugaraino”.  17:30ak alderako aurreikusia dago probaren amaiera Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean. Guztira, 224 kilometroko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek. Informazio gehiagorako: klasikoa.eus

"La Vuelta"
Espainiako txirrindularitza proba honek ere aurreko urteen antzera, Usurbil zeharkatuko du. Zehazkiago esanda, abuztuaren 24an jokatuko den bosgarren etapan. Irun eta Bilbo lotuko dituen 187 kilometroko ibilbidearen baitan, 26. kilometroa izango da udalerri hau. Txirrindulariak Donostia aldetik helduko dira, Txikierditik barrena. N-634 errepidetik igarotzen ikusi ahalko dira Usurbilen nahiz Aginagan. Handik Oriorantz joko dute. Informazio gehiago: lavuelta.es

2023ko Tourra, gertutik
Frantziako Tourra estreinakoz Euskal Herritik barrena igaroko da 2023an; 110. edizioa Euskal Herrian abiatuko da. Hala, 2023ko Tourreko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak. 

Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.