Muturreko tenperatura altuagatik eta baso-sute arriskuagatik alarma gorrian izango dira asteburuan Araban. Hurbilago, alerta laranjan Gipuzkoa barnealdean. Usurbil eta kostaldetik gertu dauden udalerrietan azken egunotako abisu horiari eutsiko zaio. Abisu horian segiko dugu asteburu osoan beraz, gainean dugun bero-boladagatik. Egunotan bezala, batetik, tenperatura altu iraunkorragatik abisu horian jarraituko dugu. Igandean gainera, "muturreko tenperatura oso altuagatik" abisu horia ere indarrean jarriko dute, 14:00-20:00 artean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Usurbil ez da beroaldi honetatik at geratuko beraz. Asteburura begira, egun eguzkitsu eta aipatu moduan, tenperatura altukoak izango ditugu. Tenperaturari dagokionez, gehienez jota 26 gradu ingurukoa espero da ostiral honetarako, 32raino igo daiteke larunbatean, 35 graduraino igandean eta koxkatxo bat egingo du gora astelehenean, 36 gradura arte hain zuzen.
"Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta eguerditik aurrera ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez", ostiral honetan, uztailaren 15ean. Euskalmet-en arabera. Bihar, hilak 16, tankeratsu; "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeien tarte batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta eguerditik aurrera ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da". Igandean, "zerua hodei gutxirekin egongo da. Hego-osagaiko haizea ahul ibiliko da, tarteka bizi. Eguerditik aurrera ipar-osagaira aldatuko da. Tenperatura gutxi igoko da".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus
Baso-suteetarako Larrialdi Plan Berezia, larrialdi fasean
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan larrialdi fasean aktibatu du baso-suteetarako Larrialdi Plan Berezia, "bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta Euskadi osora hedatu eta areagotu daitekeela ikusita". Plan bereziak, "murrizketa eta debeku batzuk ezartzen" ditu, "arrisku larria eragin dezaketen jarduketa eta erabilpen jakin batzuetarako, batez ere landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean". Alarma gorria edota alerta laranja indarrean duten eremuetan. Momentuz behintzat, abisu horian egongo garenez, debekuok ez diete eragingo Usurbili, nahiz udalerri guztietarako aholku sorta.
Informazio gehiago: Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren ebazpena
‼️ Hona hemen @Euskalmet-en aholku batzuk muturreko bero iraunkorratik babesteko
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) July 15, 2022
Arreta berezia jarri behar dugu pertsona ahulenekin (adinekoak, haurtxoak, gaixotasunak dituztenak...)
Eta gogoratu, edozein sintoma edo larrialdiren aurrean, 112 telefonoan laguntzeko gaude ☎️ pic.twitter.com/eDY04YvbB8