Etxeko berri

Datorren asteko NOAUA!, azkena

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 15a, 08:00

Uztailaren 22koa izango da udako oporraldi aurretik kaleratuko dugun azken aldizkaria. NOAUA! Kultur Elkartea udazkeneko eskaintza prestatzen hasia da. Aurretik, bazkidetzaren gaiari helduko dio asteotan.

Etenaldia dator NOAUA! Kultur Elkartera ere. Egunotakoa plazaratuta, udako oporraldi aurreko azken aldizkaria argitaratuko dugu astebete barru, uztailaren 22an. Ordurako zorion-agur edo oharrik baldin baduzue, uztailaren 18a baino lehen helarazi erredakzioa@noaua.eus helbidera idatzita, 943 360 321 telefono zenbakira deituta edo kultur elkarteko egoitzara ekarrita.

Oporraldi osteko lehen aldizkaria, irailaren 9an argitaratuko dugu. Aste berezi samarra izango da, zenbait jaiegun izango dituelako. Itzulerako lehen aldizkaria ohi baino lehen eramango dugu inprentara, irailaren 5ean hain zuzen. Ordurako ohar edo zorion-agurrik baduzue, irailaren 2aren aurretik helarazi lehen aipaturiko bideetatik. 

Bazkidetza
Egunotan kultur elkarte hau jakinarazten ari den moduan, uztailero moduan 2022ko kuota kobratzen hasiko zaie NOAUA! bazkideei uztailaren 20an. Gogoan izan, bazkideon artean, zuen datu pertsonaletan aldaketarik egon bada ahalik eta lasterren jakinaraztea eskertuko genizueke.

NOAUA!kide ez zaretenoi animatu bazkide izatera! NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue. 

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean. Edota segidan datorren orrialdea datuekin osatuta.

Udazken beroa
Udazkeneko eskaintza prestatzen hasi da jada NOAUA! Kultur Elkartea. Aurten ere ekintza ezberdin ugari izango ditugu. Batetik, Plis Plas Txalo eta Jolas egitasmoan, txikienentzako kale ikuskizun bat izango dugu irailean. Azaroan Kulturaldiaz gozatzeko aukera izango dugu eta Euskaraldiaren 3, edizioa ere ospatuko dugu. Noski San Tomas azoka ere izango dugu urtea bukatu aurretik. Adi beraz, udazkeneko agendari!!!