Beroaldia

Alerta laranjan, arratsaldeko galernaren zain

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 18a, 08:07

Alerta laranjan izango gara astelehen honetan, tenperatura altu iraunkorragatik eta 13:00-19:00 artean muturreko tenperatura oso altuengatik. Gipuzkoa barnealdean alarma gorrian. Arratsalderako tenperatura jaitsiera nabarmena biziko dugula iragarri dute.

Azken egunotako une beroena biziko dugu astelehen honetan, uztailaren 18an. Iragan astean abisu horian izan ostean, alerta laranjara igaro gara gaur tenperatura altu iraunkorragatik. Gau eta goizaldeko 30 gradu inguruko tenperatura dezente igoko da hurrengo orduotan; ia 40 gradura arte. Horregatik, muturreko tenperatura oso altuengatik alerta laranja izango da indarrean gaur, 13:00-19:00 artean. Gipuzkoa barnealdean alarma gorrian, Euskalmet meteorologia agentzia iragartzen ari denez.

Hortik aurrera, tenperatura 15 graduraino jaitsi liteke gaur arratsaldean bertan, kostaldetik gertuko herrietan. "Haizeak bat-batean eta zakar mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko da kostaldean. Haize-boladek 60-70 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Tenperatura ordubetean 15 ºC inguru jaitsiko da", Euskalmet-en arabera.

Egoera honetan, gaur Usurbilen "zerua hodei gutxirekin egongo da. Hego-osagaiko haizea ahul ibiliko da, tarteka bizi, bolada gogorrekin. Arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogor batzuekin. Egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsu isolatuak bota ditzake. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira. Haizea aldatu ostean tenperatura asko jaitsiko da". Gauerako 20 gradu inguruko tenperatura izango dugu.

Aldaketa nabarmena espero da astearterako, uztailaren 19rako. "Goizaldean eta goizean zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Eguerditik aurrera hodeiak ugaritu egingo dira. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, egunaren bigarren partean tarte biziekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira eta maximoak asko jaitsiko dira". Gehienez 23 gradu inguruko tenperatura izatea espero da. Asteazkenerako gehienez 22 gradu inguruko tenperatura eta egun lainotsua.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus